AKT PLASTICOS (ZORNOTZA)

Enpresak greba eskubidea urratu duela ebatzi du epaitegiak

2024/02/07
Grebalariei 12.400 euroko kalte ordaina eman beharko die enpresak, denen artean banatzekoa.

 

Bilboko Lan Arloko 4. zenbakiko epaitegiak AKT Plasticos (Zornotza) zigortu du langileen greba eskubidea urratzeagatik, eta enpresak 12.400 euroko kalte ordaina eman beharko die grebalariei, banatu beharrekoa.

Azaroaren erdialdean, AKT Plasticoseko langileek greba deitu zuten hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko (140 langilerekin, automobilgintzarako piezak eta osagaiak fabrikatzen dituzte, batez ere Volkswagen taldearentzat). Deialdi horren aurrean, enpresak langile batzordearekin negoziatu ordez, honako hiru erabaki hauek hartu zituen grebarako eskubidea eta askatasun sindikala mugatzeko: banakako akordioen bidez greba egiten ari ez ziren langileei mesede egitea, grebalariei soldatak ez ordaintzea eta behin-behineko langileak kontratatzea grebalariak ordezkatzeko.

Gertakari horiek auzitegietan salatu zituen ELAk eta afiliatuek erabaki zuten grebarekin jarraitzea urtarrilaren 24ra arte, egun horretan egin baitzen epaiketa. ELAk epaia positiboki baloratzen du, baina uste du oraindik ez dela helburua lortu. Izan ere, AKT Plasticos enpresako plantillak lan baldintzak duinduko dituen enpresa hitzarmen bat behar dute, Kimikako Estatuko hitzarmenaren aldean hobekuntza nabarmenekin.

Horregatik guztiagatik, ELAk dei egiten dio enpresako zuzendaritzari negoziazio prozesuari berriz ekin diezaion langileen batzordearen gehiengorekin eta praktika antisindikalak behingoz eten ditzala exijitzen du. Bestetik, enpresa hitzarmena berritzeko LABekin elkarlanean aritzeko eskua luzatzen diogu.