BIZKAIKO METALEKO MAHAIA

Patronalak sindikatuen aldarrikapen guztiak errefusatu ditu

Patronalak sindikatuen aldarrikapen guztiak errefusatu ditu
ELAk deitoratu du FVEMek ez duela borondaterik sektoreko lan baldintzak hobetzeko akordiorik lortzeko. Patronalak bere jarrerari eusten badio, gatazka lantokietara eta kalera eraman beharko dela dio sindikatuak. Hurrengo negoziazio bilera azaroaren 18an izango da.

Gaur Bizkaiko metalaren negoziazioaren hamargarren bilera izan da. Hala ere, ez da aurrerapausorik eman, patronalak, FVEMek, sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen jarraitzen duelako. Patronalak atzera bota ditu aurreko bileran lau sindikatuek batera aurkeztutako aldarrikapen guztiak.

ELAren ustez, erantzun horrek agerian uzten du arazoa ez dela inoiz izan aldarrikapen sindikal komunik ez egotea, baizik eta patronalak lan baldintzak hobetzeko borondaterik ez izatea.

Sindikatuak azpimarratu du ez duela hitzarmenean atzerapenik onartuko, ezta akordiorik ere, KPItik gorako soldata igoerarik, jarduera guztien subrogaziorik, hitzarmena aplikatzeko bermerik eta lan baldintzen benetako hobekuntzarik jasotzen ez duenik.

Sindikatuak ohartarazi du negoziazioaren blokeoaren ondorioz, langileek erosahalmena galtzen jarraitzen dutela, eta patronalak denbora pasatzen utzi nahi duela langileak higatzeko.