INDAR INGETEAM (BEASAIN)

Soldata igoerak eta enplegu egonkorra jasotzen duen hitzarmen berria

Soldata igoerak eta enplegu egonkorra jasotzen duen hitzarmen berria
Akordioak KPIaren gainetik dauden soldata igoerak, kontratazio mugagabe berriak eta baldintzen hobekuntzak bermatzen ditu 2028ra arte.

Beasaingo Ingeteam Indarreko langileek enpresa hitzarmen berria lortu dute, 2026tik 2028ra arteko indarraldiarekin, zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko negoziazio zail baten ondoren.

Batzordean gehiengoa duen ELAk jakinarazi duenez, hasiera batean Batzordeak proposatutako eduki nagusiei atea itxi zien zuzendaritzak. Hala ere, langileen mobilizazioek egoera desblokeatzeko eta aurreakordioa lortzeko giltzarri izan direla nabarmendu du ELAk. Langileen batzarrak aurreakordioa babestuta sinatu da behin betiko hitzarmena.

Akordioaren neurri nagusien artean daude KPIaren gainetik soldatak igotzea, kontratazio mugagabe berriak egiteko konpromisoa eta urteko lanaldia 1.592 ordutan mantentzea.

Horrez gain, hitzarmenak lizentzietan hobekuntzak, adin jakin batetik aurrera gaueko txandarik ez egiteko aukera, kilometrajean hobekuntzak eta fisioterapia zerbitzua ere jasotzen ditu, besteak beste.