CCOO, LAB eta UGTk aurreakordioa hitzartu dute Bizkaiko metaleko patronalarekin

2019/11/26
Azaroaren 26an, FVEMek Bizkaiko metalaren negoziazio mahaian aurkeztu dituen testu berriak ezagutu ditu ELAk. Azken hilabeteetan patronalak bere jarrera immobilista aldatu behar izan du. Jarrera aldaketa hori Bizkaiko metalgintzako langileak mobilizazio eta grebekin bat egiteko erakutsi duten gaitasunari esker gertatu da.

CCOOk, LABek eta UGTk hitzarmena aurre-adostu eta aste honetako greba deialdiak bertan behera uztea erabaki dute.

ELAk, patronalak aurkeztutako proposamenaren lehen azterketa batean, gai batzuk hobetu behar direla uste du. Kezkaz ikusten du, gainera, atzerapausoren bat gertatu dela aurreko hitzarmenetatik.

Gauzak horrela, beharrezkotzat jotzen du patronalak emandako testuak aztertzea, eta bere ordezkariekin batera, eman beharreko hurrengo urratsak erabakitzea.