Zuzendaritzaren azken eskaintza ez da nahikoa, baina aurrerapausoa da
CAFen hitzarmenaren negoziazioak aurrera jarraitzen du. Horrela, apirilaren 29an bigarren bilera egin da. Bertan, enpresak eskaintza bat helarazi du, idatziz. ELArentzat soldata, lanaldia edo lizentziak bezalako gai garrantzitsuetan nahikoa ez bada ere, negoziazioan aurrerapenak dakartza. Zuzendaritzak adierazi du enpresa batzordeak urratsak egitea espero duela, eta eskaintza horrek negoziazioan aurrera egiteko balio beharko lukeela. Maiatzaren 4an, enpresa batzordeak zuzendaritzak aurkeztutako eskaintza baloratuko du.
CAFek emandako proposamenak honako hauek jasotzen ditu, besteak beste:
• Hitzarmenaren indarraldia 2026ko urtarrilaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra arte.
• % 2,9ko igoera ekonomikoa 2026rako, eta EAEko 2027ko eta 2028ko KPIaren erreferentzia.
• Lanaldia: urteko lanaldia 1.592,5 ordukoa izango da Beasaingo eta Irungo zentroetarako, eta tituludun kolektiboarentzako lanaldi-murrizketa planteatzen du: 3 ordu 2027an eta beste 3 ordu 2028an.
• Lizentziak: baimen batzuk azken arau aldaketetara egokitzen ditu, eta baimen jakin batzuk egun naturaletatik egun baliodunetara igarotzen ditu.
• Kontsulta medikoak: berariazko erregulazioa planteatzen du kontsulta medikoa lan-ordutegitik kanpo egiten denean, baina lanera sartzetik edo lanetik irtetetik gertu.
• Enplegu politika: hitzarmenaren indarraldian 100 kontratazio finko jasotzen ditu, 80 Beasainen eta 20 Irunen.
• Urrutiko lanari, euskarari eta mugikortasun iraunkorrari buruzko gaiak ere jasotzen ditu.
ELAk positibotzat jo du enpresak KPIari buruzko aipamenak dituen proposamena egin izana. Hala ere, uste du soldata proposamena ez dela nahikoa eta hobetu egin behar dela. Bestalde, absentismoari lotu zihoan eta atzerapausoa suposatzen zuen neurrian atzera egin izana txalotu du.
Era berean, enpresak tituludun kolektiboarentzako lanaldi murrizketa proposatu du, lanaldiak parekatzeko bidean aurrera egiteko, baina ELAk uste du hori ez dela nahikoa. Sindikatuak tituludunen lanaldia tailerreko jardunaldiarekin parekatzearen alde egin du.
Enpresak gehiago aurreratu behar du, besteak beste, gai garrantzitsuetan, hala nola lizentzietan, hobetzeko tartea baitago oraindik, edo bidaien eta joan etorrien atalean. Baita antzinatasunari, lanaldiari, laugarren txandari eta egutegiari dagokienez ere.