KLIMA ALDAKETA

COP30a hasi berri da eta dagoeneko porrot usaina dario

2025/11/12
COP30a hasi berri da eta dagoeneko porrot usaina dario
Urtero bezala klima aldaketa geldiarazteko negoziaketak helburu dituen COP gailurra hasi berria da, oraingoan Brasilgo Belem hirian. Non eta Amazonian, planetaren birika deiturikoan, larrialdi klimatikoak esanahi berezia duen tokian. Eta munduko emisio handienen arduradun diren EEBB eta Txina gabe.

Aurtengo helburu nagusien artean larrialdiari aurre egiteko finantziazio handiagoa lortzea eta herrialde bakoitzak bere emisio murrizketak areagotzea daude. Hauez gain klima aldaketara egokitzeko neurriak adostea eta trantsizioa justua, hau da, pertsonak erdigunean jartzea, dira beste helburuetako batzuk.

Finantziazioaren puntua urterokoa izaten da. Klima aldaketa geldiarazteko eta bere eraginetara egokitzeko neurriak urtero milioika euro exijitzen ditu eta herrialde denek ez dutenez gaitasun bera, ezta klima aldaketan erantzukizun bera ere, herrialde bakoitzak zenbat diru jarri behar duen urtero negoziatu behar da. Aurretik esana doa ez dela sekula nahikoa diru biltzen eta herrialde aberatsenek ez dutela beraien arduraren pareko finantziaziorik mahai gainean jartzen. Aurten ere bide beretik joango direnaren susmoa dugu.

Bestalde, berotegi efektuko gasen isurien murrizketa konpromezuak areagotu behar dituzte mundu osoko estatuek. Parisko Akordioan 2015ean ezarri ziren murrizketa konpromezuak bost urtero eguneratu behar dira eta aurten egin beharra dago. 2025 urtean zehar ezagutarazi behar ziren konpromezu berriak, baina herrialde askok oraindik ez dituzte eguneratu. Europar Batasunaren kasuan, herrialde kide guztientzat helburu bera ezartzen da herrialde kide guztien artean adostuta.

EBren konpromezua 2030erako emisioak %55 murriztea (oinarri urtea 1990 izanik) zen orain arte. Orain 2040rako emisioak %90 murriztea (oinarri urtea 1990 izanik) adostu dute. Baina tranpa batekin. Murrizketaren %10 karbono merkatuan erositako isuri eskubideekin konpentsatu ahal izango dute, beraz, benetako murrizketa %80koa litzateke gehienez ere, eta konpromezuak betez gero beti ere. EBk Europako Klimaren Legean sartuko ditu murrizketa hauek orain, Europar Parlamentuan onartu ondoren.

Beti bezala, emisio murrizketak tartean direnean herrialde guztiek ahoz aipatutako anbizio eta konpromezuak paperean ez dituzte isladatzen. Hau da klima aldaketaren aurkako borrokan lidergoa omen duen Europaren jarrera. Beharrezkoa da mundu mailako negoziaketa bat ematea klima larrialdia bezalako arazo global bati aurre egiteko, baina negoziaketa hauek herrialde bakoitzak bere interesak bakarrik defentatuz egiten dituen bitartean ez da benetako soluziorik ahalbidetuko. Ez COP honetan, ezta hurrengoetan ere.