ELAk Bilboko itsasadarraren azpitik eraiki nahi duten tunelaren aurka egingo den manifestazioa babesten du

Ibaipeko tunelaren proiektuaren aurka otsailean egin zen manifestazio jendetsua eta gero, Bizkaiko Foru Aldundiak uztailaren 17an proiektuaren eraikuntza onartu zuen. Orain berriro ere mobilizatzera deitu du bidegabeko proiektu honen aurkako plataformak, eta ELA ere han izango da.
Egoera honen aurrean, komeni da proiektu honen aurkako arrazoiak gogoraraztea:
-
Klima aldaketaren aurkako konpromiso ezaren erakusle da, berotegi efektuko gasen emisioak areagotuko baitira.
-
Ez du Bilboko metropoliaren mugikortasunari buruzko azterlan integralik, eta pertsonak eta merkantziak mugitzeko apustua egin ordez autoak mugitzekoarena egiten du.
-
Tunelen ahoen inguruko guneak eta ikastetxeak sakrifizio-gune bihurtuko ditu, batez ere Artaza parkearen inguruan, osasunean eta bizi kalitatean ondorio larriak eraginez.
-
Kostu ekonomikoa handia da, eta etorkizunean soluzio jasangarrietan egin beharko diren inbertsioak hipotekatuko ditu.
Pilaketetan dauden ibilgailuen %85ek bidaiari bakarra dute; beraz, arazoa ez da azpiegitura falta, mugikortasun eredua baizik. Proeiktu honen aurka gaudenok errepideetako ibilgailu kopurua murriztuko duten benetako konponbideak defendatzen ditugu: garraioaren eta metropoliko mugikortasunaren azterketa integrala, garraio publikoaren hobekuntza, bizikletaren erabilera erraztea eta oinezkoentzako ibilbideak sortzea.
Argi dago zein mugikortasun eredu nahi duten bultzatu Bizkaiko Foru Aldunditik, auto pribatuaren erabilera sustatzen duena eta garraio publikoan inbertitzen ez duena. Horren aurrean, ELAk mugikortasun eredu jasangarri bat bultzatzen jarraituko du.