TUED

ELAk Hego Globaleko sindikatuek COP30aren aurrean eginiko aldarrikapenekin bat egin du

2025/11/12
ELAk Hego Globaleko sindikatuek COP30aren aurrean eginiko aldarrikapenekin bat egin du
Gure babesa bidaltzen diegu Belémen COP30era joan diren sindikatuei, edo harekin batera egiten den Herrien Goibileran parte hartzen dutenei, bereziki TUED South-en elkartutako Hegoalde Globaleko sindikatuei, zeinak milioika langile ordezkatzen dituen. “Gehiengoarentzat, ez gutxi batzuentzat: COP30ak norabide politiko berri bat markatu behar du” manifestuan jasotzen diren aldarrikapenak gure egiten ditugu.

Hegoalde Globalaren adierazpen sindikala (laburpena):

Klima aldaketari aurre egiteko indarrean dagoen ereduak porrot egin duela baieztatzen dugu sindikatu sinatzaileok. Duela hiru hamarkadatik indarrean dagoen ikuspegi neoliberal horrek onura pribatua eta baliabideen merkantilizazioa ditu ardatz, eta ez du lortu berotegi efektuko gasen emisioak murriztea, ezta justizia soziala bermatzea ere. Izan ere, isurketek gora egiten jarraitzen dute eta Parisko Akordioaren konpromisoak ez dira betetzen ari.

Gobernuak kapital pribatuaren interesen mende jarri dira, deskarbonizazioan iristen ez diren inbertsioen alde erregutuz, inbertitzaileek errentagarritasuna lortzen dutenean soilik jarduten baitute. Gainera, enpresek mugatu egiten dute teknologia garbietarako sarbidea, eta ondasun publiko gisa erabiltzea galarazten dute. Ondorioz, gaur egungo klima politika ez da eraginkorra ekologikoki eta atzerakoia da sozialki, eta desberdintasun globalak betikotzen ditu.

Geroz eta langile gehiagok sumatzen dituzte klima politikak zama gisa, eta ez onura gisa. Agindutako “trantsizio berdeak” ez ditu enplegu duinak eta segurtasun ekonomikoa ekarri, prekarietate eta lanpostuen galera gehiago baizik. Desberdintasuna sakondu egin da: % 1 aberatsenak munduko aberastasunaren % 45 biltzen du, milaka milioi egunean 7 dolar baino gutxiagorekin bizi diren bitartean.

Sindikatuok salatzen dugu egungo politikek lan esplotazioa eta segurtasun eza areagotzen dutela, bereziki Hegoalde Globalean. Hainbat herrialdetako gazteen eta langileen matxinadek agerian uzten dutela indarrean dagoen sistema ekonomikoaren ezberdintasuna eta ustelkeria. Horregatik, ekintza klimatiko batek ere ez du zilegitasunik izango, bidegabekeria horiei modu zuzenean heltzen ez badie.

Eszenatoki honen aurrean, eredu neoliberala ordezkatuko duen bide publiko baterantz erabateko aldaketa proposatzen dugu. Paradigma berri horrek honako hauetan jarri behar du arreta:

  • Ekintza klimatikoaren finantziazio publikoa, sektore pribatuaren mende egon gabe.

  • Estatuko sektore estrategikoak berreskuratzea, zabaltzea eta kontrolatzea, hala nola energia, garraioa, lehengaiak eta funtsezko zerbitzuak.

  • Zerbitzu publikoak indartzea eta Hegoaldeko herrialdeei laguntzea, burujabetza ekonomikoa duten karbono gutxiko industriak garatu ditzaten.

  • Teknologia eta ezagutzak ondasun publiko global gisa transferitzea, trantsizio energetikorako beharrezkoak diren tresnetarako bidezko sarbidea bermatzeko.

COP30ak paradigma neoliberalarekin apurtzeko eta herriak eta ondasun publikoak ardatz dituen politika klimatikoa eraikitzeko beharra aitortzea eskatzen dugu. Sindikatuok berresten dugu trantsizio energetiko justua langileen zerbitzura badago bakarrik izango dela benetakoa, eta ez kapital finantzarioaren zerbitzura, subiranotasun energetikoa, jabetza publikoa eta trantsizioaren plangintzan parte-hartze soziala defendatuz.

Laburbilduz, klimaren ekintza globala justizia sozialaren, ekitatearen eta lankidetzaren ikuspegitik birpentsatzeko deia egiten du adierazpenak, gizateriaren eta planetaren interesak merkatukoen gainetik jarriz.