Errekorrak hausten jarraitzen dugu: 2025a inoiz izan den urterik beroenetako bat izan da
Munduko batez besteko tenperaturak, 2025ean, 1,44 °C-an gainditu zuen 1850-1900 aldiko batezbestekoa, MMEk (eguraldiari, klimari eta urari buruz Nazio Batuen sistemaren bozeramaile baimendua) egindako analisiaren arabera. Azken hiru urteetan, 2023tik 2025era, industriaurreko mailekiko batez besteko tenperatura igoera 1,48 °C izan da.
Ozeanoak, berotzen eta karbono dioxidoa xurgatzen jarraitzen du. Azken bi hamarkadetan, gizateriak urtean kontsumitzen duen energia halako 18 xurgatu du urtero. Txostenaren arabera, Artikoko itsas izotzaren urteko hedadura inoiz erregistratu den txikiena izan zen, edo erregistrotik hurbil egon zen; Antartikako itsas izotzaren hedadura, berriz, ezagutzen den hirugarren txikiena izan zen. Bestalde, glaziarren urtzeak ez zuen atsedenik eman.
Lurreko klimari buruzko behaketak egiten hasi zirenetik, klima ez da inoiz hain desorekatuta egon; izan ere, berotegi efektuko gasen kontzentrazioek atmosfera eta ozeanoak etengabe berotzea elikatzen dute, eta izotz masen fusioa bultzatzen dute. Aldaketa azkar eta handi horiek hamarkada gutxiren buruan gertatu dira, baina ondorio negatiboak mendeetan zehar nabarituko dira.
Munduko klima larrialdi egoeran dago. Planeta bere mugak gainditzera eramaten ari gara. Funtsezko klima adierazle guztiek alarma egoera gainditu dute. Mundu osoan gertatutako muturreko fenomenoek, hala nola bero handiko gertaerek, euri jasek eta zikloi tropikalek, nahasmenduak eta suntsipena eragin zituzten, eta agerian utzi zuten gure ekonomiaren eta bizi garen gizartearen zaurgarritasuna.