INGURUMEN POLITIKAK

Nafarroa 10 urte UPN gabe. Ingurumen politikak

2025/11/12
Nafarroa 10 urte UPN gabe. Ingurumen politikak
Hamarkada bat igaro ondoren, gobernu ekintzaren eta, kasu honetan, sustatutako ingurumen politiken balantzea egiteko unea da.

Hamar urte igaro dira dagoeneko UPN Nafarroako Gobernutik kanporatu zutenetik, milaka nafarren oroimenean ezabatu ezin den gertaera, murrizketen gobernuei amaiera emateko poztasun eta garai berri bat irekitzeko ilusio nahasketaz bizi izandakoa. Lurralde eta ingurumen politiketan ere aldaketa espero zen.

 

  • Berotegi efektuko gasen isuriak handitu dira

Nafarroak %55 murriztu beharko lituzke emisioak 2030erako, baina 2016 eta 2022 artean %22 igo ziren. Elektrizitate sorkuntzak eta etxebizitza sektoreak bakarrik murriztu dituzte emisioak; industriak eta garraioak, berriz, hazten jarraitzen dute. Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 4/2022 Foru Legeak emisioak murrizteko helburuak ezartzen ditu, baina neurri zehatzik eta egiturazko aldaketarik gabe; beraz, egoera ez da aldatu azken urteotan.

 

  • Trantsizio energetiko posible bat eta instalazio berriztagarrien plangintza on baten beharra

2030erako Nafarroako Energia Planaren helburua da energia kontsumo berriztagarria % 50a izatea eta elektrizitatea % 100 berriztagarria izatea. Hala ere, gaur egun, Nafarroan kontsumitzen den energia gehienbat fosila da: %43 petrolio eta deribatu gisa, %24 gas natural gisa eta elektrizitatearen zati bat ere jatorri fosiletik eratorria da, Castejongo ziklo konbinatuko plantetan sortutakoa.

Iturri berriztagarrien bidez sortutako argindarra da nagusi. Azken hamarkadan %14 hazi da energia berriztagarrien sorkuntza. Gainera, ikus dezakegu sorkuntza berriztagarria dibertsifikatuta dagoela, nahiz eta eolikoa izan adierazgarriena, fotovoltaikoa gero eta gehiago ari da ezartzen autokontsumoari esker.

Beste datu esanguratsu bat esportatutako argindarra da, sortutako elektrizitatearen %26 esportatu baitzen. Kontuan hartzen badugu %32 ez dela berriztagarria eta %26 esportatu egiten dela, ondoriozta dezakegu Nafarroa gai dela energia berriztagarri bidez kontsumitzen duen elektrizitate kopuru ia osoa sortzeko. Hala ere, Nafarroako energia politika eskasa da instalazio berriztagarrien plangintzan. Nafarroako Gobernua enpresei instalazio berriztagarri gehiegi tramitatzen uzten ari da. Energia enpresa handien helburua da ahalik eta energia berriztagarri gehien sortzea parke eoliko eta fotovoltaiko handien bidez, Nafarroako energia beharrak kontuan hartu gabe. Enpresa horien lehentasuna negozioa egitea da, eta, beraz, instalazio horien tramitazio kopurua ez da egin Nafarroako energia beharrak kontuan hartuta. Baina energia politikak ez du enpresa handien negozioaren zerbitzura egon behar, klima aldaketari aurre egiteko eta gizartearen beharrak asetzeko balio behar du.

 

• AHTren aldeko apustua

Nafarroako Gobernuaren mugikortasun politika AHTren bultzadan zentratu da batez ere, nahiz eta eskumena estatuko gobernuaren esku egon. Pertsonen eta merkantzien mugikortasunerako gobernuak egin duen apustu handia da, herriak eta eskualdeak lotzen dituzten eta gizartearen benetako beharrei erantzuten dien egungo trenbide sarea alde batera utzita. Bien bitartean, 2015-2025 epean, Nafarroako aurrekontuetan garraio publikoa sustatzeko jaso den inbertsio bakarra urtean 10 eta 15 milioi euro artekoa izan da, batez beste, eta ia guztia diru-laguntzetara bideratu da.

 

• Inpaktu ekologiko eta sozial handiko proiektuak bultzatzen

Mina Muga meatzea. Geoalcali enpresak Zangotza aldean ezarri nahi izan zuen potasa ustiatzeko meategi hau, eta Nafarroako Gobernuak babes osoa adierazi zion proiektuari, erabilgarritasun sozialeko proiektu gisa aurkeztuz eta proiektuarekiko konpromiso osoa adieraziz. Errealitatea oso bestelakoa da, inpaktu ekologiko eta sozial handiko proiektua zen eta 2024an epaitegiek baimena ukatu zien.

Erdizko PSISa onestea. Ingurumenean eta gizartean eragin handia duen proiektua inposatu nahi duen politika baten barruan kokatzen da. Gainera, Kontserbazio Bereziko Eremu batean egin nahi da meatze-proiektua. Arrazoi horregatik, Auzitegi Nagusiak Zilbetiko Minaren proiektua baliogabetu zuen jada.

Aroztegia. Aroztegiako proiektua espekulazio urbanistikoaren adierazle argia da, besteak beste, 300 biztanleko herri batean 200 etxebizitza eraikitzea ekarriko lukeelako. Proiektu honek ondorio larriak izango lituzke: eskualdeko baliabide naturalen eta ingurumenaren suntsiketa, ur eskasia, nekazaritza lurren galera, turistifikazioa, zerbitzu publikoen saturazioa edo etxebizitzaren espekulazioa, besteak beste.

Bardeako tiro poligonoa. Azkenik, 2028an amaitzen da Defentsa Ministerioaren eta Errege Bardeako Batzarraren arteko tiro-poligonoaren kontratua. Egia da Estatuaren eskumena dela, eta ez dagoela Nafarroako Gobernuaren esku, baina ez da ahaztu behar PSNk, Foru Gobernuko buru den alderdiak, kontratua berritzearen alde egin duela.

 

Azterketa hau egin ondoren ondoriozta dezakegu, hamar urte geroago, Nafarroako “aldaketa politikoa” deritzona amaitu gabeko lana dela oraindik, baita ingurumen politikari dagokionez ere.