Onartezina da ELArentzat Joakin Beltranen gorpuaren bilaketa lanak bertan behera uztea Zaldibarko zabortegian

2021/05/14
Gertaera larri hauen aurrean Eusko Jaurlaritzari eta Verter Recycling enpresari, berriro ere, beraien erantzukizuna onartu eta egoera honen aurrean beharrezkoak diren eta gizarteari zor zaizkion erabakiak hartzeko exijitzen die ELAk.

Zaldibarko zabortegian Joakin Beltranen gorpua bilatzeko lanak bertan behera utziko direla jakin ostean ELAk honako hau adierazi nahi du:

  • Onartezina dela bilaketa lanak bertan behera uztea langile baten gorpuak milaka tona zaborren azpian jarraitzen duen bitartean. Zaldibarren gertatuak argi uzten du enpresa gehienetan prebentzio legediaren urraketa dagoela behar bezalako segurtasun neurriak hartzen ez direlako, eta etekin ekonomikoak besterik ez direla lehenesten. Zaldibarren amiantoa modu irregularrean biltegiratu izana da honen adibide garbia.

  • Atzo bertan egin zen publiko, zabortegia behera etortzearen arrazoia zigilatze sistema desegokia izan zela. Hondakinak eusteko erabili zen geotextila ez zela Zaldibarkoak bezalako zabortegi batek behar zuena. Bartzelona eta Kantabriako Unibertsitateek eginiko txostenek ondorioztatzen dute, baita ere, zaborrek hartutako altuera gehiegizkoa zela eta zabortegi batek legez izan dezakeen malda baino handiagoa zuela.

  • Gaur Erkoreka eta Tapia Sailburuek eginiko agerraldian, bilatze lanetan baliabide guztiak jarri dituztela esan dutela, baina inongo autokritikarik ez dutela egiten. Baliabide guzti hauek 2020ko otsailaren 6aren aurretik jarri behar zirela Zaldibarko zabortegiko jarduera kontrolatzeko eta horrela gertatutako ekiditeko. Orain beranduegi da.

  • Gertatuaren ardura Verter Recycling-ek eta Eusko Jaurlaritzak dutela. Batak, segurtasun neurririk ez hartzearren eta langileen bizitzak, jakinaren gainean, arriskuan jartzearren. Eta besteak, jarduera arriskutsu baten aurrean kontrol lanik ez egitearren, bere erantzukizuna alde batera utziz, hainbat txostenetan irregulartasunak burutzen ari zirela jakinarazi zitzaien arren.

 

Gertaera larri hauen aurrean Eusko Jaurlaritzari eta Verter Recycling enpresari, berriro ere, beraien erantzukizuna onartu eta egoera honen aurrean beharrezkoak diren eta gizarteari zor zaizkion erabakiak hartzeko exijitzen die ELAk.