Aurten ere urriaren 12an ez daukagu ospatzeko ezer!

2026/10/12
Aurten ere urriaren 12an ez daukagu ospatzeko ezer!
Kinnari Ladrón de Guevara eta Xiomara Suaza Herrera - ELA ekintza soziala
Urriaren 12a hasi zen ezaguna den proiektu kolonialarekin, Abya Yalako lurraldeen okupazioa medio, euren nortasun, kultura eta jakintza zuten milaka komunitate eta herriren baliabideak profitatuz; halaxe sortu zen EUROPA handia, Ipar Globala eta haren Modernitatea.

Gaur ikusten ari gara ordena kolonial hori, sistema kapitalista eta patriarkalaren eskutik, inoiz baino biziago dagoela. Hala erakusten dute hainbat zantzuk: lurraldeen okupazioa (Palestina, Sahara), Abya Yala, Afrika edo Asiako politikan AEB, Europa eta Israelen muturra sartzen duten modua; milaka lagun hiltzen duten genozidio aktiboak, edota eskuin muturreko oldeak dakartzan politika lazgarriak, oinarrizko eskubideetan eta eskubide sozialetan atzerapausoa eragiten dutenak.

Horregatik, urriaren 12a aipatzean sistema kolonialaren ordena arbuiatzea dagokigu, baita espainiarra ere; honen tresnarik behinena Atzerritarren Lege ezaguna da, zeinak pertsonak bereizten dituen etniaren eta jatorriaren arabera; lege horrek gauzatzen du gorputz marroi eta beltzen jazarpena, ukatzen die migratu eta arrazializatuei boterera iristea eta, jakina, baita oinarrizko eskubide sozialak ere, esaterako osasuna, hezkuntza edo etxebizitza.

Hain zuzen, eskuin muturraren oldeak birpentsatzera garamatza gizateriaren bilakaera zein izan den. Olde ultra hori mingarria da, baina esnaraztea ere badakar. Borroka itxaropentsuaren adibideetako bat etxebizitzak erakutsi digu: Jende guztiarentzako oinarrizko eskubide hau aspaldidanik urratu da funts putreekin eta neurrigabeko turismoarekin. Etxebizitza izateko aukera berez zaila da bertoko jendearentzat, baina areago migrante eta arrazializatuentzat. Gu beti izan gara bizilekurik gabe geratzeko beldur, baina Mohamed izena badut maizter izateko aukera ere ez da aintzat hartzen. 

Izan ere, kolonizazioa hemen, bizi garen lekuan, bai baitago; arrazismo immobiliarioak kalean utzi du familia zaurgarri ugari. Gela bat alokatzea ausardia hutsa da; ezin dugu irudikatu ere iparraldeko ongizate sistema hau sostengatzen duten langile migratu, arrazializatuentzako etxe duina izatea. 

Horregatik, Europak eta gure euskal erakundeek bedeinkatu duten politika arraziala aplikatuz hiltzen gaituen arrazismo instituzionalizatu hau gaitzesten dugu; honek okerrera egin du europar itun berriarekin. Horrenbestez, aurtengo ohiz kanpoko erregularizazioa petatxo bat besterik ez da izan; jende migratu eta arrazializatua erabili egiten da oraindik ere: axola duena da haren lanerako gaitasuna eta sistema kapitalistaren zerbitzura jartzea, xede bakarra eskulan merke eta prekarizatua lortzea delarik. 

Horregatik, aurten ere ez daukagu ospatzeko motiborik. Izan ere, beltzak, Andetakoak, txoloak, marroiak baikara, eta gure zainetan erresistentzia daramagu. Bizia erdigunean kokatzen duten borroka guztien alde egingo dugu: gure helburua dira migrante eta pertsona arrazializatuen eskubideak, osasun mentala, lan duina, osasungintza eta hezkuntz apubliko eta kalitatezkoa, jende guztiarentzako etxebizitza duina... edozein dela ere haren jatorria eta izaera! Bizimodu duin eta justua nahi dugu denentzat!

URRIAREN 12AN EZ DAGO OSPATZEKO EZER; BORROKARAKO ARRAZOIAK BADITUGU!