Curriculumaren aldaketak: Estatu osoko hezkuntza uniformizatzea helburu

2010/01/07
Xabier Exposito, ELAko Hezkuntza arduraduna
Oso litekeena da urtarrilean zehar indarrean sartzea EAEko curriculumak aldatzen dituzten dekretuak. Baliteke, beraz, lerro hauek irakurtzen dituzunerako aldaketak eginak egotea. Isabel Celaak zuzentzen duen Sailak gai honetaz dituen helburuak adierazi eta ezagutarazi zituenetik, ezin esan daiteke iritziak, oro har, oso aldekoak izan direnik.

Aldaketa hauen edukiak zein diren jakin ahal izan zenetik (hedabideetatik, ez baita inolako kontsulta eta eztabaidarik izan aldez aurretik), ELAk argiro adierazi zuen bere jarrera. Gaur egungo Eusko Jaurlaritzak daukan helburu nagusia Estatua uniformizatzea bada, EAE beste edozein erkidegoren pareko bilakatuz, Hezkuntza Sailak planteatu dituen curriculumaren aldaketak eskolaren esparruan ere helburu hori gauzatzeko saiakera bat baino ez dira.

Aldaketa hauek eragiten dieten gaiek –euskararen izaera eta Euskal Herria kontzeptua– agerian uzten dute, argi asko, Hezkuntza Sail honen  ibilbidean obsesio identitarioak, espainolak kasu honetan, daukan garrantzia.

 EUSKARA, GALTZAILE

Zentzu honetan azpimarragarria da, nahiz eta aldaketa hauek aurkezterakoan Hezkuntza Sailak adierazi duen helburua “elebitasun integratzailea erraztea” dela, aldaketa horiek hain zuzen ere helburu hori erdiestea guztiz oztopatuko dutela. Izan ere, ezarri nahi diren aldaketen arabera, euskara ez da izango irakasteko hizkuntza nagusia. Haatik, gaurdaino egindako ikerketa guztiek frogatzen dute euskara irakasteko hizkuntza nagusitzat daukan ereduak bakarrik lortzen duela modu gutxieneko batean “benetako gaitasuna ulermenerako eta adierazpenerako, hitzez eta idatziz, bi hizkuntzetan, horrela, gutxienik, harremanetarako eta erabilpen arruntetarako hizkuntzak bezala  erabili ahal izateko” (Euskal Eskola Publikoaren Legea). Aitzitik, enpirikoki frogatuta geratu da euskara irakasteko hizkuntza nagusi bezala erabiltzen ez duten ereduek ez dutela inola ere hori bermatzen.

Horrenbestez, euskarari irakasteko hizkuntza nagusiaren izaera kentzeak egungo egoera sozio-linguistikoan esan nahi du, argi eta garbi, aldaketa hau planteatzeko aldarrikatzen den helburua bera lortzea ezinezko bihurtzea, eta, horrez gain, indarrean dagoen legediak ezarritakoa sistematikoki ez betetzearen alde jokatzea. Hau guztia, gainera, gaztelaniaren eta euskararen ustezko –ez benetako– parekatze baten izenean egitea, praktikan euskara desabantailan uztea da, gaur egungo egoera diglosikoa kontuan hartzen badugu. Parekatze faltsu bat dela esan beharra dago. Horretaz jabetzeko nahikoa da salbuespenen kasuan hizkuntza bati eta besteari ematen zaien trataerari erreparatzea.

JARRERA KRITIKOAK

Bestetik, Hezkuntza Sailak adierazten du “Euskal Herria terminoaren erabilpenaren gaineko aldaketak sartu direla”. Errealitatean, esan liteke praktikoki bere desagerpenari ekin diotela, okasio oso jakinetan bakarrik mantendu baita, gehienetan Euskadi terminoaz ordezkatua izanik, nahiz eta beste batzuetan beste ordezko termino batzuk erabili diren (kasu batean baita planeta terminoa ere) eta beste hainbatetan ezabatu besterik ez den egin. Termino hau ezabatzeko edo maila ia folkloriko batera murrizteko obsesio honen zioa gure nazio izaeraren gaineko edonolako erreferentzia hezkuntza curriculumetatik desagerraraztea da argi eta garbi. Aldaketa hauekin, era grafikoan esateko, uniformizazio gehiago eta euskara gutxiago izango da EAEko hezkuntzan.

Arestian esan bezala, aldaketa hauekiko jarrera kritikoak ugariak izan dira. Hezkuntza eragileak (sindikatuak, guraso elkarteak, zuzendarienak, ikasleenak) eta alderdi politiko gehienak ez dira bat etorri inola ere Sailaren asmoekin.

ESKOLA KONTSEILUARI JARAMONIK EZ?

Zentzu honetan azpimarratzekoa da abenduan Euskadiko Eskola Kontseiluak eginiko txostena. Zenbait hedabidetan besterik adierazi bada ere, txosten hori ez da batere samurra izan Celaak zuzentzen duen Hezkuntza Sailaren egitasmo honekin. Izan ere, batere ohikoa izaten ez den jarrera kritikoa agertzen du. Euskara eta Euskal Herria terminoarekin egin nahi diren aldaketekin, bereziki. Txostenak Hezkuntza Sailari gogorarazten dio, betetik, euskarak –hizkuntza ofizial den heinean– lehentasunezko trataera merezi eta behar duela herri-botereen aldetik, hezkuntzaren esparruan batez ere, legeetan jasotzen diren helburuei dagokienez haren ezagutza delako oraindik bermatzen ez dena; bestetik, curriculumean Euskal Herria terminoaren izaera edo zentzu soziala eta historikoa ere jasotzearen aldeko aldarria egiten da. Azken finean, txostenean Eskola Kontseiluak eskatu du euskararen lehentasunezko izaera mantentzea eta Euskal Herria kontzeptuaren esanahi osoari eustea. Ondorioa garbia da: aldaketa hauen funtsa diren gaietan, aurrez aurre daude Eskola Kontseiluaren txostena eta Hezkuntza Sailak proposatzen duena.

Eskola Kontseiluaren txostenak ez dira bete beharrekoak, aholkuak baino ez dira. Dena dela, Hezkuntza Sailak bere asmoarekin aurrera egi(te)n badu besterik gabe, edota azaleko aldaketak baino ez baditu egiten, okerreko bidea hartu(ko) du gure iritziz, ezin ahantzikoa baita hezkuntza-eragile gehienen eta hezkuntzako langile gehienen aurkako ekimena dela. Gogoetarako eta nork bere ardurari eusteko garaia izango da.

Xabier Exposito

ELAko Hezkuntza arduraduna