Euskara, ELA eta Iñaki Garcinuño
Iñaki Garcinuñok ELAri kargu hartu dio; efektismoa bilatzen omen dugu; nonbait, ez digu hainbeste axola mamiak. Haratago joanda, galdetzen du ELAk zer egin duen azken 40 urtean, eskari hau plazaratu aurretik. Bada, ELAk behin eta berriz eskatu izan du Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) euskaraz negoziatzea, baina ez du erantzunik jaso. Batzar batean, patronala bertan zela ere eskatu genuen. Areago, ELA saiatu da hitzarmen edo lanbide arteko hitzarmen jakin batzuetan euskaraz negoziatzen. Halakoetan LHK-k prestakuntzarik ez zuen jendea behartu du bileretan bapateko itzulpen lanak egitera, halamoduz, eta horrek bileren garapena eragotzi du. Itunpeko irakaskuntzako hitzarmenean LHK-k laguntza eskas hori ere ez du eskaini, eta gainerako negoziatzaileek nola edo hala ahalegina egin dute ELAren hitzak ulertzeko.
Bestalde, gure sindikatuak aztertu du zeintzuk diren lan-hitzarmenetan euskara lan munduan normalizatzeko adostutako neurriak: Kopurua zeharo anekdotikoa da. Esaterako, hitzarmenen % 1,66ak baino ez du jasotzen kontratatzerakoan euskara aintzat hartuko dela. Iñaki Garcinuñok dioenez datu hau ez da benetakoa. Harrituko nintzateke hori izatea 1.499 lan-hitzarmen banan-banan aztertzearen emaitza, ELAk egin baitu azterketa hori. Hori, antolakuntzarik sendoena duten enpresei dagokienez; zer ez ote da gertatuko lan-hitzarmenik ez dutenetan.
Besteak beste, lan-hitzarmenetan euskara horrela baztertzea negoziazioetan ez erabiltzearen ondorio da. Izan ere, zailagoa den bezala genero berdintasunari heltzea baldin eta negoziazioan emakumeek parte hartzen ez badute, nekez egingo da hizkuntzen arteko berdintasuna iristeko ahalegina bileretan bakar-bakarrik gaztelania erabiltzen bada. ELAk agindu zuena izan zen 27 kasutan ez diola euskaraz mintzatzeari uko egingo. Ez zion inori ezer leporatu; sindikatu honek konpromiso bat adierazi zuen. ELAk salatu zuen, hori bai, patronalak euskararen aldeko edozein neurri oztopatzen duela; CEBEK eta Confebasken ezezkoa sistematikoa da; hala gertatu zen ere LABekin eta Kontseiluarekin batera 2022. urtean proposatu genuenean enpresetako euskara planak hedatzea.
Jakina, gure helburua da espazio orotan, baita enpresetako negoziazioan ere, euskara present egotea. Oxala, enpresek honen aldeko jarrera izango balute. Haatik, ia inoiz ez da gertatzen enpresa edo patronal batek sindikatuengana jotzea hitzarmen bat negoziatzeko asmoz (nahiago dute hitzarmenik ez izatea); aitzitik, sindikatuok izaten gara negoziazioa aktibatzen dugunak, eta euskararekin gauza bera gertatzen da. ELAk edo LABek eskatzen dugun arte enpresak eta patronalak ez dira mugitzen.
ELAk nahi du euskaraz bizi eta lan egin nahi duen jende guztiarentzako xede hori posible izan dadin neurriak eta bitartekoak ezartzea. Esaterako, euskara ikasteko oraindik ere ordaindu egin behar da; zenbait hezkuntza eredutan ikasleek gaztelania ikasiko dutela bermatzen da soilik, edota enpresek inposatutako prekaritateak euskaltegira joan ahal izateko denbora kentzen die langileei. Euskara ezagutzea orokortzen ez deno erakundeek baliabideak jarri behar dituzte inoren hizkuntz-eskubideak urra ez daitezen. Izan ere, euskara inon entzuten ez bada, ikasteak ez baitu zentzurik. Iñaki Garcinuñok pentsarazi nahi du euskaraz bizi nahi duen jendeak ontzat eman behar duela hori ezinezkoa dela. Hori guk ez dugu onartzen. Ezin da normalizatu euskaraz bizi nahi duenak errealista ez delakoan jai duela esatea.
CEBEKeko lehendakari ohiak galdetzen du ELA bere barne dinamikan koherentea ote den jendaurrean eskatzen duenarekin. ELA ez dago arazo sozialetatik at, eta sindikatuarengana jotzen duten guztien hizkuntz-eskubideak ezin ditu uneoro bermatu. Baina egoera hauek konpontzeko baliabideak jartzen saiatzen da. Adibidez, sindikatuaren barne bileretan, laguntza publikorik ez dagoenez, irtenbide militante bat ematen zaio bakoitzak hautatzen duen hizkuntzan hitz egiteko aukerari; funtsean bizitza organikoa euskaraz egiten da. Garcinuño jauna lasai gera daiteke.
Azkenik, CONFEBASKeko lehendakaria ELAren proposamenari buruz gezurretan ibili da (esan du sindikatu honek inoiz ez duela euskaraz negoziatzeko eskaririk egin, nahiz eta berton erabakitako LGS-aren aldeko lanbide arteko akordioaren bileran hala egin genuen). Garcinuño jaunak eskatu beharko lioke bere presidenteari zuzen dezala oker esandakoa. Bide batez, gogoratu beharko lioke ere ELAk gai honetaz mintzatzeko eskatu dion bilera, eta erakunde publiko bati dagokion bezala LHKri galdegin diezaiola bitartekoak jar ditzan guztien hizkuntz-eskubideak bermatzeko. Azkenik, eskatu beharko lioke behingoz oztoporik ez dezala jarri enpresetan euskara normalizatzeko neurriak negoziatzea eskatzen den aldioro, CONFEBASKek behin eta berriz egin izan duen moduan.