Euskaraz aritzeko eskubidearen alde Bilbora
Egungo egoera soziolinguistikoa progresiboki irauli nahi dugu euskal herritar guztiok euskara ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea izan dezagun, ala soilik espainiera inposatu nahi dutenen pribilegioa izango da gaztelaniaz bizitzea? Maiatzaren 9an deitu dugun manifestazioak sakoneko galdera honi erantzun nahi dio. Euskaldun oro gara elebidunak egun, eta denok eskaintzen dugu gaztelaniaz edo frantsesez gurekin komunikatzeko aukera. Berdintasuna besterik ez dugu aldarrikatzen. Gure ustez neurriak eta baliabideak ezarri behar dira bizitzako esparru guztietan euskaraz aritzeko oztopo guztiak gainditzeko. Bizitzako esparru guztietan bizi nahi dugu euskaraz, baina administrazioetan hori lortzerik ez badago ez dugu inon lortuko.
Gure aldarrikapenak oso sinpleak dira: euskarak gaztelaniak duen babes juridiko bera izan dezala, ez gehiagorik ezta gutxiagorik ere. Gaztelania ezagutzea derrigorrezkoa baldin bada, euskara ezagutzea derrigorrezkoa izan dadila. Hori ez da norbanakoei inposatzen zaien kondena, instituzio publikoei ezartzen zaien obligazioa baizik. Esaterako, hezkuntza sistematik soilik gaztelaniaren ezagutza bermatzen duten hizkuntz ereduak desagerrarazi behar dira, euskararen ezagutza ere berma dadin. Berdintasun juridikoa nahi dugu eta pairatzen dugun zapalkuntza sistematikoa gainditu artean neurri konpentsatzaileak beharko ditugu.
Eta administrazioetan euskararen exijentzia gaztelaniaren exijentziarekin parekatu nahi dugu. Modu progresiboan, baina epemuga jakin batekin. Epemuga horren aurretik administrazioek baliabideak eman beharko dizkiete euskararik ez dakiten langile guztiei euskara ezagutzeko aukera izan dezaten. Langileren batek euskara ikasteko esfortzua egin ondoren, ziurtagiririk lortuko ez balu hizkuntz eskakizunean salbuespena egitea ere defendatzen dugu.
Proposamen hauen aurka soilik gaztelaniaren nagusitasuna inposatu nahi duten eragileak egon daitezke. Eta badaude. Alderdi politiko eta sindikatu horiek kondenatu dituzte hezkuntza sistemako ikasleak euskara ez ezagutzera (Hezkuntza Legearen eztabaidan A eta B ereduak inposatu baitzituzten). Ondoren, euskararik ez dakiten heldu horientzat lanpostu publikoak erreserbatu nahi dituzte. Ikasle garaian euskara lapurtzen diete eta helduak direnean administrazioetan lan egiteko diskriminatuak direla defendatzen dute.
Eragile hauek guztiak euskararen alde azaltzen dira, beti ere gaztelaniaren menpekoa den bitartean. Beraiek dira, baina, hizkuntza gaietan eskuin muturrarekin lerratu direnak (Katalunian, Balear Irletan, Valentzian edo Galizian beren alderdiek eta sindikatuek defendatzen dutenaren kontra). Lurralde horietan argi dute bi hizkuntza ofizialak erakutsi beharra dagoela hezkuntza sisteman eta bi hizkuntzen ezagutza exijitu behar dela administrazioetan lan egingo duten langileei, bestela diskriminatuak izango direnak herritarrak izango direlako zerbitzua jasotzean edo langile publikoak lana beren nazio hizkuntzan egin nahi dutenean.
EAEn eztabaida politikoa irekita dago. Alderdi politikoak hizkuntz eskubideak parekatzea ala euskaldunak menpeko gisa mantentzea eztabaidatzen ari dira. Oldarraldi judizial, politiko, sindikal eta mediatikoak eztabaida hau baldintzatu nahi du, gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko. Ezer aldatu ez dadin beto eskubidea aldarrikatzen ari dira. Beto eskubide horri kontsentsu politikoa edo aniztasuna deitzen diote. Hitzen manipulazio hori erabiltzen dute euskaldunak menpeko mantentzea eta gaztelaniaren inposaketa betikotu nahi dutela ezkutatzeko. Ezin dugu onartu Eneko Andueza eta PSE izan daitezen hizkuntz politiken muga ezarriko dutenak.
Kriminalizazio kanpainen, oldarraldi antolatuaren eta beto eskubideen aurrean euskaltzaleoi mobilizatzea dagokigu. Erantzun euskaltzale antolatuak behar ditugu. Maiatzaren 9an Bilbon sindikatuok erantzuna eman nahi dugu euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde. Maiatzaren 10ean Senperen Herri Urratsean Baxoa euskaraz egin ahal izatea aldarrikatuko duten gisan. Edo ekainaren 13an Iruñean Kontseiluak pizkunde berri bat aldarrikatuko duen moduan. Hauek denak errebeldia ariketa kolektiboak dira bi estatuen inposaketa uniformizatzaileen aurrean, modu antolatuan euskaraz bizitzeko desobedientzia ariketak elikatu behar dituztenak.
Bilbokoan ez dago soilik jokoan euskararen ofizialtasun erreala aldarrikatzea. Ez dugu soilik aldarrikatuko administrazioetan euskara progresiboki eta epemuga argiekin gaztelaniarekin parekatzea. Eztabaidagai dagoena da euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea dugun ala ez. Guk argi dugu baietz, eta horregatik nahi zaitugu zu ere Bilbon. Txikiak garelako, baina ez dugulako txikituak izaten jarraitzea onartuko.