Hezkuntza publikoko grebak: Hala ere, borrokak merezi du!

2025/05/12
Miren Zubizarreta - ELA Hezkuntza
Hezkuntza Publikoan ondoriotarako momentua da, baita grebaren hobebeharrez isilpean gordetakoak azaltzekoa ere. ELAn orain urtebete hasi ginen eskolaz-eskola batzarrak egiten, sindikatuaren irakurketa konpartitzen, beharrak jasotzen eta greba ziklo baten alde sinadurak biltzen. Gerora etorri ziren beste sindikatuekin harremana eta greba. Orduan langileekin konpartitu genituen gutxieneko edukiak ez ditugu erabat lortu eta, hala ere, borrokak merezi du.

Jaurlaritzaren autoritarismora ohituta gaude, Steilasek eta LABek mobilizazioak antolatzen hasi ginenean gurekiko izandako jarrerara ez. Elkarrekin landutako proposamen itxiak ekartzen zizkiguten. Mobilizazioen mesedetan inposatutakoa onartu ala desadostasunak langileengana eramatea beste aukerarik ez zuten uzten. Eta, hala ere, borrokak merezi du.

Sindikatuen arteko mesfidantza gainditzeko beste sindikatuei proposatu genien aldarrikapenak erabat zehaztea eta sinadurarako ezinbesteko lorpenak adostea. Adostasun horrek sindikatuen arteko konfiantza eraikitzeko balio behar zuen eta, era berean, langileek hasieratik argi izateko zeren alde borrokatuko ziren, hala eskatu digute langileek batzarretan. Steilasek eta LABek nahiago izan zuten aldarrikapen orokor eta zehaztasunik gabekoak izatea, ondoren beraiek baloratu ahal izateko ona edo txarra zer den langileekin aurretik gutxieneko konpromisorik gabe. Eskoletan asanbladatan beraiek idatzitako gidoi itxi batetik kanpo hitz egitea debekatu nahi izan ziguten. Hainbat momentutan sentitu dugu gure sindikatuaren sigla behar zutela batasun sindikala irudikatzeko, ondoren beraiek negoziaketa edonola kudeatzeko. Eta, hala ere, borrokak merezi du.

Muturreko adibidea martxoaren 24an izan genuen. Negoziazio mahaian ELA eta CCOO ordu luzez elkarri begira egon ginen (ustezko negoziazio mahaian beste inor ez zegoelako), goizeko ordu biak arte Steilas eta LAB Sailarekin ezkutuan negoziatzen aritu ziren bitartean. ELAk ere hurrengo egunean greba deitua zuen arren, ez ziguten inongo azalpenik eman. Gure egiteko bakarra beraiek negoziatu ahal izateko gure grebarako gaitasuna erabiltzea zela zirudien. Erabili egin gintuzten. Patronalekin aldebiko bilerak izatea ohikoa da, baina sekula ez zaigu gertatu greba baten bezperan horrelako tratua jasotzea, ezta langileei horrelako tratua ematea ere. Eta, hala ere, grebak merezi du.

ELAk hasieratik lau lehentasun ezarri zituen: behin-behinekotasuna erreala %8tik behera kokatzea, lan-kargak murrizteko ratioak hobetzea eta burokratizazioari aurre egitea, eros-ahalmena berreskuratzea, eta arrisku psikosozialen aurrean lan osasuna hobetzea. Hain zuzen, ezberdintasunak-ezberdintasun, hezkuntza publikoko sukalde eta garbikuntzan ELAk adostutakoa. Akordioak ez dio horri erantzun, eta, hala ere, borrokak merezi du.

Behin-behinekotasun handiagoa ezkutatzeko tranpa estatistiko bat egitea adostu dute beste sindikatuek eta Hezkuntza Sailak; beren ustez estrukturalak ez diren behin-behinekoak desagertarazi dituzte, langileen %25 inguru izan arren. Ratioetan aldaketa estetiko hutsa adostu dute, lehen hezkuntza guztian ikasle bat murriztuta eta haur hezkuntzan adin desberdinetako ikastaldeak sortzen direnean, eta burokratizazioari aurre egiteko neurri zehatzen faltan, batzorde bat sortu dute; hori bai, irakas-orduen murrizketa lortu da. Irakasleentzat Madriletik inposatutako soldata igoerez gain igoera gehigarriak egongo dira lehen aldiz azken 15 urtetan, baina eros-ahalmenaren berreskurapena ez da eman eta hurrengo urteetan eros-ahalmen gehiagorik ez galtzea ez da bermatu. Eta lan osasuna hobetzeko neurriak oso azalekoak izan dira, 14 prebentzio teknikari arituko dira aurrerantzean ere 27.000 langile artatzeko. ELAk ez du akordioa sinatu eduki hauek falta direlako, eta langileek erakutsi dutelako gehiago borrokatzen jarraitzeko prest zirela. Eta, hala ere, borrokak merezi du.

Borrokak merezi du. Izan ere, azken 15 urtetan lehen aldiz Hezkuntza Sailak inposatu nahi izan duen lan-baldintzen proposamena aldatzea lortu dugu eta benetan negoziatzera behartu dugu. Merezi izan du lorpen partzial batzuk izan direlako, baina ez dago akordio historikorik. ELAn oso harro gaude gure onena eman dugulako langile borroka gogoangarri bat izan dadin. Langileek ere harro egoteko arrazoiak dituzte, eskola askotan borrokak langile-antolakuntza indartzeko balio izan duelako, eta horrek orain eskolaz-eskola borrokatzen jarraitzeko balio dezake. ELA prest dago eskolaz-eskola azaltzen diren arazoei aurre egiteko borroketan laguntzeko, edo lan-baldintzen eztabaidaz gain hezkuntza eredu segregatzailea aldatzeko, eskolen merkantilizazioari aurre egiteko, ikasleen euskalduntzean aurrera egiteko, ikasle eta langileen aldeko digitalizazio bat borrokatzeko... Borrokak ez dira amaitu eta. Zeren, langileek borrokan jarraitzea merezi zuten arren eta ELAren ustez borroka honek amaiera hobea merezi zuen arren, borrokak merezi izan du, eta hurrengoek are gehiago mereziko dute.