Tubos Reunidos eta ELA: Printzipioak eta herra
301 lagun kaleratu nahi ditu Tubos Reunidosek. ELA oso gai oinarrizkoak eskatzen ari da: Enpresa honen bideragarritasun plana zein den jakin nahi dugu (badakigu enpresak bere plan estrategikoa ezkutatu duela); gure ustez, altzairutegiaren itxierak enpresa ahuldu eta ekoizpen kostuak handitzen ditu; enpresak pilatutako zor arazo ikaragarria du, hein handi batean akziodunek sortutako zorra dibidenduak banatu ahal izateko; eta akziodun bat, BBVA, aldi berean enpresaren hartzekoduna da, eta jakin nahi dugu ea enpresa emaitzen kontuak hondatzen ari den akziodun horri ordaintzeko. Informazio hori guztia eskatu dugu eta ukatu egin zaigu.
ELA ez dago inoren kaleratzea errazteko eta Tubos Reunidosen arazoak ez dira kaleratzeekin konpontzen. Are gehiago, gaur egun kaleratzeak erraztea kaleratze berriei atea irekitzea da, bideragarritasun plan egokirik ez badago. Beste egun baterako utziko ditugu Eusko Jaurlaritzaren plan industrialik ezaren ondorioak.
Eta ELAk ez du uzten bere izenean langile batzuek erabakitzea beste batzuk direla kaleratuak. Tubos Reunidosek era artifizialean kaleratze kolektiboko espediente berean sartu ditu bi lantegiak, Amurriokoa eta Trapagarangoa. Lantegi batean 274 lagun kaleratu nahi ditu eta bestean 27. Trapagarango irteerak aurretiko erretiroekin konpon daitezke. Amurrion kaleratze traumatiko asko egongo lirateke.
Divide et impera
Trapagarango langileek Amurrioko kaleratzeak erraztea nahi izan du Tubos Reunidosek. Gizatiarra da. Zure haragitan ez baduzu inolako kalterik jasango eta, gainera, kaleratzeak onartzen ez badira enpresak bi lantegiak ixteko mehatxua egiten badizu, berriro diot, gizatiarra da kaltea beste batek jasan dezala erabakitzeko tentazioan erortzea. Sindikalki onartezina da. Eta, era berean, boomerang bat bezala kontra bihur daitekeen tentazioa da. Eta Amurrioko jendeak Trapagarango lantegia ixtea onartzen duen kalertze kolektiboa sinatzea proposatuko balu erantzun gisa? Bake sozialaren truke kaleratutako pertsonen kopurua oso antzekoa izango litzateke. ELAren izenean ezin dira horrelako proposamenik egin.
Tubos Reunidosen egoerak barne ondorioak izan ditzake ELArengan. Gure gain hartzen ditugu, nahiz eta horiek saihesteko lan egingo dugun. ELAren indargune ikaragarria da hau. Euskal langileriak badaki oso sindikatu aurreikusgarria duela, printzipioak eta balioak dituelako. Balio horiek Euskal Herriko langileria osoari zuzentzen zaizkio eta segurtasuna sortzen diote. Ororen gainetik beren interes kolektiboak lehenetsiko dituen sindikatua dute eta izango dute beti, eta ez ditu sakrifikatuko botere-kuota txikiei eusteko.
Aurrekoa onartuz, barne egoera honen oihartzun mediatikoa ez da ulergarria Vocento Taldeak ELArekiko duen herrarik gabe. Oihartzun erabat neurrigabea izaten ari da, traza sentsazionalistekin eta kazetaritza gisa zorroztasun gutxirekin. Editorialak sinatu dituzte, egoera hau egunkari baten azalera eraman dute, argitaratu aurretik ez da informaziorik kontrastatu, krisia ELA barneko hil ala biziko gatazka gisa azaldu dute edo gure ordezkaritzaren zati bati bakarrik eman diote ahotsa.
Vocento Taldeak eta bere Bizkaiko egunkariak, El Correo Españolek, ELAren guztiz kontrakoa defendatzen n dute. Ezarritako ordenaren defendatzaile nagusia da, eta ELA da ordena hori gehien zalantzan jartzen duen gizarte-erakundea, ELAk ordezkatzen duen langileria sakrifikatzeko eraiki baita.
Vocento Taldeak interes propioak ditu Tubos Reunidosen gatazkan. Neguriko familia bera Vocento Taldearen eta Tubos Reunidosen akziodun da. ELAk amore emateak diru-irabaziak dira akziodun horientzat.
Baina arrazoi gehiago ere badaude. ELA izan zen El Correoko errotatibako greba mugagabearen lidergoa eraman zuen sindikatua, 156 egun iraun zuen, prozesuan zehar egunkariak greba eskubidea urratu zuen eta greba ez zen bukatu irteera traumatiko guztiak saihestu arte. ELAk ere greba deitu izan du Diario Vasco egunkarian, lan-baldintzak hobetzea eskatzeko, eta Diario Vasco egunkariko langileek martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egitea erabaki dute.
Barne arazoa benetakoa da. Tubos Reunidosek asmatu du bi plantillak zatitzen, ELAk horiek batu nahi dituztenekin egingo du lan. Dimentsio mediatikoa artifiziala da. Baina Vocento Taldeak ez du kalkulatu gaindimentsionamendu horrek ez duela presiorik sortzen ELAn; sindikatu koherente eta indartsu gisa proiektatzen du, bere printzipioen eta balioen defentsa amaierara arte bere gain hartzeko gai den sindikatu gisa. Ez dugu amore emango.