Uriarteren “nahi eta ezinak”

2017/09/27
Xabier Irastorza - ELAren irakaskuntza arduraduna
Harriduraz entzun eta irakurri ditut Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburuak ikasturte hasiera honetan esandakoak. Sailburua ez omen dator bat ikasturte hasierako greba deialdien arrazoiekin. Ez nuen kontrakorik espero. Salaketak eta aldarrikapenak ikastetxeetara eramateak hezkuntza prozesuan modu kaltegarrian eragiten duela ere baieztatu du, erantzukizuna sindikatuona eta mobilizaziora jotzen dugun langileona dela ihardetsiz.

Dirudienez, gure ekimenek egiten diote kalte hezkuntza publikoari, ez Eusko Jaurlaritzaren politikek. Ez azken 9 urtetan matrikulazioa 27.116 ikasletan hazi denean gela kopurua soilik 661etan hazi izanak, behar baina 894 gela gutxiago, alegia. Eta ondorioz, bataz-beste geletan %9,1 ikasle gehiago izateak. Ez behar baina 2.000 lanpostu gutxiago izateak, lan-kargak handitzeak, berdintasun, aniztasunean eta jarraipen pertsonalizatua eginaz hezteko baliabide nahikorik ez izateak. Ezta langileen lan-baldintzek eta ikastetxeetako plantillek inolako egonkortasunik ez izateak; behin-behineko kontratuak izugarriak dira: irakasleen artean %38koa, Haurreskoletako langileen %41a, Heziketa Berezian %58a edo Sukalde eta Garbiketan %64a. Uriarterentzat 300dik gora ikasleri jaten emateko 2 edo 3 sukaldari soilik izateak ere ez du arazorik sortzen, mobilizatzen hasten diren arte. Antza, ordezkapenik ez egiteak edo astebetera egiteak ere ez dio kalterik egiten hezkuntza prozesuari. Ordezkapen epe hori gainera sindikatuekin adostua izan omen zen 2010ean. Ahaztu egiten zaio esatea Sailburuari langile ordezkaritzaren gutxiengoarekin, CCOO eta UGTrekin, adostu zuela Jaurlaritzak. Ordezkaritza sindikalaren % 19,7arekin. Eusko Jaurlaritzarentzat hezkuntzara 2009an baina 162 milioi € gutxiago bideratzeak edo urtetik urtera gure aberastasunaren proportzio geroz eta txikiagoa hezkuntzan inbertitzeak, BPGa nabarmen hazi arren, ez dio kalterik egiten gure hezkuntza sistemari.

Hala ere, txunditurik utzi nauena Uriartek bere esku dagoenaz eta ondorioz negozia daitekeenaz, eta bere esku ez dagoenaz, hau da, negozia ezin daitekeenaz dioena da.

Behin-behinekotasuna gutxitzeko prest omen daude, baina horretarako legealdirako irakasleen kolektiboan 5.000 lanpostu EPEra ateratzeko proposamena egin dute (2017ko 738 plazak kenduz gero 4.262 plaza 2020 bitarte). Heziketa Berezian legealdi osorako 268 lanpostu EPEra. Antza, Sukalde eta Garbiketan eta Haurreksoletan ez dago behin-behinekotasuna gutxitzeko premiarik. Hala ere, kontuak izanik urtero 750 irakasle inguruk erretiro hartuko dutela, honek irakasleen behin-behinekotasuna %24,9an utziko luke. Eta Heziketa Berezian %36an. Gainerako kolektiboetan nabarmen egingo luke gora.

Baina harrigarriena, tamalgarriena esango nuke, bere esku ez dagoenaz dioena da. Egungo plantilla murriztuak handitzea, eroste ahalmena berreskuratzea (-%15, 2009tik langileko 35.000€ tik gorako galera kasu askotan) edota hezkuntza inbertsioa Europako bataz-bestekoaren parera eramatea ez omen dago bere esku, espainiar gobernuaren menpe omen dago Eusko Jaurlaritza. Non dago autogobernua hezkuntza, osasuna edo gizarte zerbitzuak bezalako oinarrizko beharretan inbertsioak, plantillak, lan baldintzak edota esparru hauetako politikak beraiek ere, espainiar estatuaren menpe edo berak mugatuta badaude? Non erabateko eskuduntzak? Zertarako behar dugu Hezkuntza Saila edota Eusko Jaurlaritza? Bidegabeko zerga sistema eta zerga bilketan Europarekiko daukagun diferentziala ez aipatzearren.

Zergatik ez du esaten Uriartek 2017ko aurrekontua, eta 2020 bitarte defizit muga edota gastu muga espainiar gobernuarekin adostu zituztela EAJ eta Eusko Jaurlaritzak? Eta ziurrenik gauza bera egingo dutela 2018rako? Ekonomiaren hazkundea edota zerga bilketa edozein delarik ere, Espainiar gobernuarekin adostu dute aurrekontua %2,4 baina gehiago ez dela haziko, defizita % 0,4 baina handiagoa ez dela izango ezarri edota zor publikoa eta bankuen erreskaterako dirua ordaintzeak zerbitzu publikoak garatzeak baina lehentasun handiagoa izango duela. Hau egin eta Madrilek mugaturik daudela esatea euskal herritarrok inozotzat hartzea edo paregabeko ariketa zinikoa da. Gogora arazi behar al diogu Hezkuntza Sailburuari, aurrekontuen negoziazio prozesu bete-betean, zerbitzu publikoetako plantillak mugatzea edo hutsik geratzen diren lanpostuetarako birjartze-tasak mugatzea bera ere Espainiako gobernuarekin adostu zuela EAJk?

Honek guztiak agerian uzten du Eusko Jaurlaritzarentzat hezkuntza ez dela lehentasuna. Izan ere, hezkuntza aurrekontuak 2009an baina 162 milioi € gutxiago dituen bitartean, zorraren ordainketa eta bankuen erreskateak 953 milioi € gehiago ditu, edota Abiadura Handiko Trena eraikitzeko 2009tik 2.289 milioi € aurreratu ditu gobernuak.

Bankuetara bideraturikoa hezkuntzara bideratuko balitz, zer esanik ez AHTra bideraturikoa, Europako bataz-besteko hezkuntza inbertsio publikoaren mailan edo gainetik geundeke. Sektore guztietan plantillak nabarmen handitzeko aukera izango genuke, gelako ikasle kopurua jaitsi, ordezkapenak lehen egunean bete, berdintasunean eta aniztasunean hezteko baliabide gehiago, langileen prestakuntza hobetzeko tresna gehiago, ikastetxeetako azpiegituretarako diru gehiago, hezkuntza premia berezietarako hezitzaile eta baliabide gehiago, familientzako laguntza eta ikasmaterialetarako errekurtso gehiago, galduriko eroste-ahalmena berreskuratu, erretiroa erraztu eta laguntzeko aukera, haurreskolak doakoak lirateke eta matrikulazioak nabarmen igo, nahi duten ikastetxe guztietan bertako plantilla nahikorekin prestaturiko otorduak izango genituzke…

Hau guztia Eusko Jaurlaritzaren eta Cristina Uriarteren esku dago. Bide ematen ez badiote nahi ez dutelako edo bestelako lehentasunak dituztelako da. Edo agian, beste interes batzuek baitan, espainiar estatuarekin inolako konfrontaziorik nahi ez dutelako. Nahiz eta oinarrizko zerbitzu publiko eta sozialak txikitu edo autogobernua ezerezean utzi.

Langileen ordezkari, hezkuntza eragile eta eragile sozial garen heinean gure hezkuntza bide honetan jarri arte salaketa, aldarrikapen, proposamen eta mobilizazioekin jarraituko dugu eta langile, ikasle, familia eta herritarren artean gure hezkuntza sistema, modu berezian hezkuntza publikoa, babestu eta indartzeko lanean jarraituko dugu.