LAN OSASUNA

Enpresek ezarritako lan baldintza prekarioek langileak gaixotzen dituzte

2026/07/15
Enpresek ezarritako lan baldintza prekarioek langileak gaixotzen dituzte
ELAren lan baldintzen inguruko txosten batek ondorioztatu du prekaritateak, osasun publikoaren narriadurak eta prebentzio faltak Hego Euskal Herriko langileen osasunaren okertzea eragin dutela. ELAk gaitzetsi ditu Alberto Núñez Feijóoren eta Confebaskeko presidente Tamara Yagüeren adierazpenak, langileak kriminalizatzea leporatu die, eta gogorarazi du Hego Euskal Herrian “absentismoa %0 dela”.

ELAk Hego Euskal Herriko langileen aldi baterako ezintasunei buruzko txostena aurkeztu du. Ondorio nagusia argia da: langileen osasunaren okertzea enpresek ezarritako lan baldintza prekarioekin, prebentzio faltarekin eta osasun publikoaren ahultzearekin dago zuzenean lotuta.

PPko buruzagi Alberto Núñez Feijóoren eta Confebaskeko presidente Tamara Yagüeren azken adierazpenak baztertu ditu ELAk, langileak kriminalitzen ari direla salatu du, lan eskubideak murrizteko eta gaixorik dauden pertsonak lanera joatera behartzeko diskurtsoa elikatuz. Gogorarazi du joan den astean biek defendatu zutela aldi baterako ezintasunean dauden langileek prestazio txikiagoa jasotzea.

Txostenak dio nazioarteko azterketek argi erakusten dutela lan baldintza prekarioek osasunean eragin zuzena dutela. Soldata baxuek, kontratuen ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak %61 handitzen dute depresioa izateko arriskua, %77 antsietatea pairatzekoa eta %51 nork buruaz beste egiteko arriskua. Lan-baldintza okerrak ere lotuta daude gaixotasun kardiobaskularrekin.

Bada, lan eredu hori sustatzea egotzi die ELAk Confebask eta CEN patronalei. Izan ere, 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeari uko egin diote, eta kontratazio prekarioa bultzatzen jarraitzen dute, aldi baterako kontratuen, aldizkako kontratuen edo probaldian amaitzen diren kontratuen bidez. Era berean, administrazioen “erabateko konplizitatea” salatu du, “horregatik Hego Euskal Herrian Europako ikuskari kopuruaren erdia baino gutxiago dago, enpresak ez gogaitzeko.”

ELAren esanetan, langileen pobretzeak, biztanleriaren zahartzeak eta osasun publikoaren narriadurak are gehiago okertu dute egoera. COVID-19aren pandemiaren ondoren ugaritu dira osasun mentaleko arazoak, emakumeen artean bereziki. Osasun sistemaren gainkargaren adibide dira itxaron zerrendak: 60 egunetik gorakoak arreta espezializatuan EAEn eta 75 egunekoak Nafarroan, eta ebakuntza kirurgikoetarako batez besteko itxaronaldia 59 egunekoa da Osakidetzan eta 94 egunekoa Osasunbidean.

Txostenaren arabera, Hego Euskal Herriko langileen osasun adierazleak Estatuko okerrenetakoak dira. Ospitaleetako morbilitate tasa Estatuko batez bestekoa baino %10,85 handiagoa da EAEn, eta %5,8 handiagoa Nafarroan. Aldi baterako ezintasun tasak ere handienen artean daude, nahiz eta batez besteko iraupena laburragoa izan, bereziki Nafarroan. Gainera, mutualitateek kudeatutako ezintasun prozesuak, batez beste, luzeagoak direla nabarmendu du ELAk. Azken urteotan osasun mentalarekin lotutako ezintasunek %490 egin dutela gora ere ohartarazi du.

Lan istripuek eta laneko gaixotasunek ere eragin zuzena dute langileen osasunean. Confebask 67.054 lan istripuren arduradun izan zen 2025ean eta CEN 25.615 lan istripurena 2024an. Halaber, EAE eta Nafarroa dira laneko gaixotasun gehien aitortzen dituzten Estatuko lurraldeak, bereziki minbizia eragiten duten gaixotasunei dagokienez. Dena den, sindikatuak salatu du lan istripuen eta laneko gaixotasunen azpierregistro handia dagoela, eta benetako kopuruak datu ofizialek jasotzen dituztenak baino handiagoak direla.

Gauzak horrela, ELAk uste du langileen osasunaren narriaduraren atzean patronalek prekaritatearen alde egindako apustua eta zerbitzu publikoak ahultzen dituzten politika publikoak daudela. Egoera iraultzeko, besteak beste, honako neurriak proposatu ditu:

  • Pobreziaren aurkako eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa sustatzeko politikak.

  • Prekaritatearekin amaitzea:

    • Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 1.500 eurora igotzea

    • Enpresak prebentzio politiketara gastuaren %1 bideratzera behartzea

  • Osasun publikoa indartzea:

    • Prebentzio zerbitzu publikoak sortzea

    • Mutualitateak publiko bihurtzea osasungintza publikoa indartzeko

    • Europako batez bestekoaren pareko inbertsioa eta baliabideak bermatzea

  • Lan Ikuskaritza indartzea, Europako batez besteko ikuskatzaile kopurura iritsi arte:56tik 120ra EAEn eta 15etik 45ra Nafarroan.

  • Plantillak gaztetzeko neurriak sustatzea, erretiro adina aurreratzeko politikak barne.