GIZALAN

“Afiliatu berriak emakumeak eta etorkinak dira nagusiki”

2025/10/28
“Afiliatu berriak emakumeak eta etorkinak dira nagusiki”
Igor Eizagirre, Gizalan federazioko idazkari nagusia

Azken urteetan sektore publikoan greba eta mobilizazio dinamika garrantzitsuak izan dira. Hauek ezinbestekoak dira bertoko langileen lan baldintzak hobetzeko eta zerbitzu publikoak sendotzeko. Nahikoak ez diren arren garaipen batzuk ere eman dituzte. Horregatik pozik ageri da Igor Eizagirre. Hala ere, ziur da hurrengo urteetan mobilizazio dinamikarekin jarraitu beharko dela, zerbitzu publikoak desegiteko estrategia oraindik ere martxan dagoelako.

Gizalanek 2022ko ekainean egin zuen azken kongresua. Zein balorazio egiten duzu denbora honetan egindakoaz?

Aurreko kongresuak agindu bat utzi zigun: zerbitzu publikoak desegiteko estrategia bat dago martxan, eta aurre egin behar diogu. Pozik egon behar dugu, agindu hori bete dugulako. Egoerari aurre egin diogu, ez dugu bestaldera begiratu. Horren lekuko dira esparru ia guztietan bultzatu ditugun grebak eta mobilizazioak. Zaintza esparruan egindakoez gain, sektore publiko osoan egindako greba deialdiak nabarmenduko nituzke, –3 EAEn eta 2 Nafarroan–, baina, esan bezala, borroka esparru ia guztietara zabaltzea lortu dugu.

Greba eta mobilizazio hauekin lau gauza lortu ditugu gutxienez. Batetik, grebek zerbitzu publikoen narriadura eta hobetzearen beharra lehen lerrora ekarri dute. Bigarrenik, grebek gobernu eta alderdi batzuen jarrera aldatu dute. Espainiar estatuko Gobernua osatzeko inbestidura akordioan EAJk honakoa hitzartu zuen PSOErekin: Hego Euskal Herriko langile publikoen soldata eta enplegua hemen ezartzeko aukera. Nahiz eta hau oraindik ez den gauzatu grebek behartu dute EAJ gaia Espainiako gobernuaren negoziaketan jartzea.

Hirugarrenik, hau aipatuko nuke: gure agintariek urte luzez erabili duten mantra batekin amaitzeko balio izan dute grebek. Etengabe adierazi dute gure langile publikoen lan baldintzak Madrilen esku zeudela. Guk behin eta berriz adierazi diegu ez zela horrela, borondate kontua zela lan baldintzak hemen ezartzea. Inbestidura akordioak edo esparru batzuetan egindako proposamenek –hezkuntzan, esaterako– argi utzi dute arrazoia genuela eta borondate kontua dela langile publikoen lan baldintzak hemen erabakitzea. Azkenik, greba hauek bidea erakutsi digute: zerbitzu publikoak hobetzeko bide bakarra langileak antolatu eta borrokatzea da.

Barrura begira, nolakoak izan dira urte hauek?

Aurreko kongresuan geure buruari erronka bat jarri genion: militantzia indartzea eta esparru honetan urratsak ematea. Sektore edo esparru ezberdinetan talde motorrak eratu eta indartu ditugu, erreferenteak izan daitezkeen afiliatuak identifikatzeko lanketan pausoak eman ditugu, eta militantziaren parte hartzean zein prestakuntzan aurrera egin dugu. Lan horrek emaitza onak eman ditu. Afiliazioan gora egin dugu, 740 afiliatu gehiago ditugu, eta dagoeneko 34.416 afiliatu gara federazioan. Afiliatu berri gehienak emakumeak dira; dagoeneko Federazioan afiliatuen %70 emakumeak dira. Afiliatu migranteen kopurua ere asko hazi da, %58. Ordezkaritzari dagokionez lehen sindikatua izaten jarraitzen dugu, %35,46ko ordezkaritzarekin. Bigarren sindikatuari 12 puntu ateratzen dizkiogu.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira helburu nagusiak?

Hasitako ildoei jarraipena eman behar diegu. Lehenago aipatu dut, baina ezinbestekoa da behin eta berriz errepikatzea. Gurean zerbitzu publikoak desegiteko estrategia bat dago martxan, eta horri aurre egin behar diogu. Gure bide orria argi dago, eta Kongresuan eztabaidatu eta bozkatuko diren bost ebazpenetan jasotzen da.

Kongresuko leloak hala dio: Publikoa sendotzeko antolatu. Ideia hori oinarrizkoa da, funtsezkoa. Antolatu beharra dago, bozkatuko den Antolatu, militatu, sindikalizatu ebazpenak jasotzen duen bezala. Langileak gero eta antolatuago orduan eta zerbitzu publiko hobeak. Lan baldintza onik gabe ez dago kalitatezko zerbitzu publikorik.

Horri lotuta, Publikoa dena eraiki ebazpenak dioen bezala, argi utzi nahi dugu zein nolako zerbitzu publikoak nahi ditugun. Zerbitzu publikoak defendatzea herri gisa erabakitzeko eskubidea defendatzea da, eta horri berebiziko garrantzia eman nahi diogu. Zerbitzu publikoak eraiki nahi dugun gizartearen balioekin lotuta daude, eta gurean balio feminista eta antifaxistak izango dituzten zerbitzu publikoak nahi ditugu. Hori izango da kongresuko ildo nagusia, zein zerbitzu publiko nahi ditugun eta horiek nola lortu eztabaidatzea. Baina, horrekin batera, oinarrizkoak diren hainbat gai ere landu nahi ditugu ebazpenetan.

Adibidez?

Hiru aipatuko nituzke: euskara, lan osasuna eta zaintza eredua. Euskararen aurkako oldarraldi betean gaude, eta hori bereziki ikusten da zerbitzu publikoetan. Euskararen egoerak okerrera egin du. Administrazio publikoetan euskaraz lan egitea eta zerbitzua ematea bermatua egon behar da, eta euskarak bigarren mailako hizkuntza izateari utzi behar dio. Gainera, Nafarroa osoan ofiziala izan behar du. Euskararen normalizazioan eragile aktiboa izan behar dugu, eta helburu hau funtsezkoa izango da guretzat .

Bestalde, esan bezala, lan osasunak kezkatzen gaitu. Eta arlo honetan osasun mentala azpimarratu nahiko nuke. Osasun mentalarekin lotutako arazoak oso zabalduta daude sektore publikoan, langile askok sufritzen duten arazoa da. Ez da, orokorrean, norberaren arazo indibiduala, dimentsio zabalagoa eta kolektiboagoa izan ohi da. Gai hau lehentasunezkoa da federazioan, arrisku psikosozialak eta osasun mentala ekintza sindikalean txertatzea premiazkoa da.

Zaintzari dagokionez, zaintza esparruek berebiziko garrantzia izaten jarraituko dute hurrengo urteetan. ELAk sustatu eta babestu ditu azken urteetan zaintza esparruko lan gatazka garrantzitsuenak: lau herrialdeetako erresidentziak, etxez etxeko laguntza, osasungintza pribatua, esku hartze soziala... Kongresuan ebazpen bat eskaini nahi diogu gaiari. Nolako zaintzak nahi ditugun eztabaidatu behar dugu. Argi dugu eredua: zaintzak publikoa, unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa izan behar du. Horretarako zaintza pribatuak publifikatu behar ditugu, jakinda hau ez dela nahikoa. Izan ere zaintza publikoek ere euren mugak dituzte. Zaintzaren sektorean makina bat gatazka daude uneotan, eta garrantzia berezia eman nahi diegu.

Hainbat dira Gizalanek biltzen dituen sektoreak, baina badago elementu komun bat: patronala administrazio publikoa da.

Kapitalaren logikak bizitzaren esparru denak zeharkatzen ditu, baita zerbitzu publikoak ere. Administrazio publikoek ez dituzte herritarren beharrak asebetetzen. Aberastasunaren zati gero eta txikiagoa bideratzen da zerbitzu publikoetara. Gobernuak dira patronalik autoritarioenak.

Euren helburua ahalik eta akordio merkeenak sinatzea da, berdin zaizkie gehiengo demokratikoak edo zein den sindikatu bakoitzaren ordezkaritza. Guk gureari eutsi behar diogu. Azken urteetan hamaika greba egin ditugu, bai orokorrak eta bai sektoreetan. Hezkuntzan, osasungintzan edo garraioan egindako grebek oihartzun handia izan dute, baina sektore publiko ez pribatizatuetan ere hamaika greba eta mobilizazio egin ditugu. Administrazio orokorra, justizia, espetxeak edo udal esparruak horren lekuko dira.