HEZKUNTZA

Hezkuntzan borroka ideologikoa zabaltzeko xedea

2025/10/28
Hezkuntzan borroka ideologikoa zabaltzeko xedea
‘Hezkuntzaren beste hainbat erronka’ Gai monografikoan ELAk segregazioan, euskalduntzean, burokratizazioan, digitalizazioan, berrikuntza pedagogikoan edota hezkuntzaren merkantilizazioan sakontzen du

Ez da ohikoa sindikatu baten hausnarketan lan-baldintzez ez aritzea. Argitaratu berri dugun hezkuntzaren inguruko azken argitalpenean hezkuntzak dituen beste hainbat erronketara bideratu nahi dugu arreta eta hausnarketa. Ez, ordea, hezkuntzan diharduten langileen lan-baldintzak alde batera uztea erabaki dugulako edo gutxiesten ditugulako. Horiek izan dira azken urte luzeetako aldarrikapenak ELArentzat eta izaten jarraituko dute aurreratzean ere. Irakasle, hezitzaile eta hezkuntzako langile kopuru nahikorik gabe, lan-baldintza onik gabe edo gelako ikasle kopurua egokirik gabe ezinezkoa da ikasle guztien ekitatea eta beharrezko hezkuntza bermatzea.

Hezkuntzaren beste hainbat erronka Gai monografikoan, ordea, arreta segregazioan, euskalduntzean, burokratizazioan, digitalizazioan, berrikuntza pedagogikoan edota hezkuntzaren merkantilizazioan jarri nahi izan dugu. Izan ere, hezkuntza ezin da isolatuta ulertu: gizarte eredu kapitalistak eta zapalkuntza politiko-kulturalek baldintzatzen dute. Euskal Herriko langileen interesak ez dira lan-baldintzetan agortzen. Horregatik sindikatuak interesa du eskoletan gai hauen inguruko eztabaida hauspotzeko eta aurrera pausoak emateko.

Burokraziaren zama astuna

Besteak beste, eskola-burokraziaren pisua jasanezina bihurtzen ari da. Gero eta irakasle gehiagok diote ikasgelatik kanpoko dokumentazioak –txostenak, memoriak, planifikazioak edo jarraipen-taulak– denbora eta energia gehiegi eskatzen duela, heziketa-lana bera lausotzeraino. Administrazioaren eskakizun amaigabeek hezkuntza-proiektuaren funtsa –ikasleekin harreman zuzena eta irakasleen lidergo pedagogikoa– estaltzen dute. Nola uztar liteke hezkuntza moduko zerbitzu publiko batek ezinbestekoa duen kontrol publiko eta administratiboa hezkuntzaren funtzio hezitzailea berreskuratzearekin? Hau da, nola egin ikastetxeak burokraziaren gurpil zorotik atera eta herritarren hezkuntzaren zerbitzura arituko den komunitate pedagogiko, demokratiko eta bizia?

Tekonologia berriak eta digitalizazioa

Teknologia berriak eta digitalizazioa hezkuntza eraldatzen ari dira. Baina noren interesen mesedetan ematen ari da digitalizazio hau? Pandemiak bizkortu zuen prozesu hau transnazional handien –Google, Microsoft, Apple– menpe ematen ari da, askotan irakasleen eta ikasleen antsietatea eta mendekotasuna areagotuz.

Azken urteetan onartu diren legeek teorikoki digitalizazio etiko eta burujabearen aldeko urratsak jasotzen dituen arren, praktikan kontrakoa gertatu da. Gure gobernuek transnazional handi hauekin itxi dituzte akordioak eta gure ikasgelak beraien tramankuluekin bete dituzte eta gure ikasleen garunak beraien sistemekin kolonizatu. Nolakoa behar du teknologiaren erabilerak? Nola egin dezakegu hezkuntzaren, ikasleen eta herritarren zerbitzura egoteko?

Segregazioaren aurkako borroka

Eskola-segregazioa gure hezkuntza-sistemaren zauri handienetakoa da. Azken bi hamarkadetan, jatorri sozial, ekonomiko eta kulturalaren araberako bereizketa areagotu egin da, eta administrazioek ez dute benetako neurri eraginkorrik hartu egoera aldatzeko. Gaia sakon ikertu dutenen hitzetan segregazioa ez omen da nahi gabeko albo-kalte bat, zapalkuntza ekintza kontziente eta deliberatua baizik.

Beraz, segregazioaren aurkako borroka ez da soilik hezkuntzaren kalitatearen aldeko borroka, justizia sozialaren aldeko borroka ere bada. Zer nolako hezkuntza politika eta zein neurri hartu behar dira jatorria atzerrian duten familietako ikasleak, pobrezia-egoeran daudenak, desgaitasunen bat dutenak edo ijito-jatorria dutenak eta euskal jatorria duten familietako ikasleak edo egoera sozioekonomiko onean bizi direnak elkarrekin eskolaratu eta bizikidetza orekatua eraikitzeko?

Euskara eta euskalduntzea

Euskararen biziberritzea ezin da hezkuntzatik bereizi. XX. mendeko ordezkapen prozesu gogor baten ondoren, indarberritzea etorri zen 60ko hamarkadan, baina azken bi hamarkadetan aurrerabideak eten dira eta egoera geldirik dago.

Gaur egun, herritarren %7k bakarrik du euskaraz trebetasun altua eta erabilera %12 ingurukoa da. Eskolak ezin du bakarrik, baina ezinbestekoa da: hizkuntza gaitasuna, erabilera, motibazioa eta atxikimendua indartu behar dira.

Euskara hutsezko irakaskuntza eredua funtsezkoa da elebiduntasun errealerako, eta esperientziak erakutsi du eskola publikoa dela euskararen transmisiorako apustu sendoena.

Aldi berean diogu, ordea, euskararen aldeko borroka ez dela gelan amaitzen: aisialdian, komunikabideetan eta lan-munduan euskaraz bizitzeko aukera zabaltzea ezinbestekoa dugu. Zein estrategia garatu behar ditugu hezkuntza sisteman eta zein eskolatik kanpo benetako euskalduntzea eta euskararen erabilera indarberritzeko?

Hezkuntza enpresen zerbitzura?

Konpetentzietan oinarrituriko hezkuntza” askotan berrikuntza pedagogiko gisa aurkezten zaigu. Haren jatorria, ordea, ez dago hezkuntza ikerketan eta hezkuntzaren demokratizazio eta unibertsalizazioaren aldeko bulkadan, botere ekonomikoen interes eta nahietan baizik.

Hezkuntza gizartearen askapen tresna izatetik kapitalaren zerbitzura egongo den tresna bihurtu nahi digute. Enpresa-munduak “eskulan malguagoa” behar du, eta hortik etorri da azken hamarkadetan hezkuntzan eman den iraultzaren zati handi bat: hezkuntza pentsamendu kritikoaren baratze izatetik, enpresen zerbitzura egongo den eskulan faktoria bihurtu nahi izatera. Nola egin aurre erasoaldi honi eta hezkuntza hausnarketa, garapen pertsonal, kritikotasuna lantzeko eta askatasunean irabazteko ariketa bihurtu?

Gai hauek guztiek eta argitalpen honetan sartu ez ditugun beste hainbatek –genero zapalkuntzak eta heteropatriarkatuaren erreprodukzioak, esaterako– hezkuntza sistemaren norabide politikoa agerian uzten dute. Eskola ez da neutroa: gizarte ereduaren isla eta, aldi berean, haren eraldaketarako tresna.

Bide honetan, leihoak ireki eta pausoak emateko akuilu izan nahi du Gai Monografiko honek. Izan ere, hezkuntzaren borroka ez da soilik ikasgeletan gertatzen, gizarte osoaren auzia da. Horregatik, sindikatu gisa, gure helburua eztabaida hauek zabaltzea eta alternatibak eraikitzea, bai gure ikastetxeetan baita eskoletatik kanpo ere.

Pentsamendu kritikoa elikatu ezean, interes hegemonikoen zerbitzura egiten den adoktrinamenduaren morrontzan erortzeko arriskua dugu. Eta hori da, hain zuzen ere, hezkuntzan borroka ideologikoa zabaltzearen beharra.