Justizia sozialaren alde eta faxismoaren aurka, hemengo LGS lortzea hurrengo pausua da
Bilbon, ELAren 10.000 militanteren aurrean, Lakuntzak berretsi du 1.500 euroko gutxieneko soldata lortzeko konpromisoa, eta Jaurlaritzari zein Confebask patronalari gehiengo sindikalaren borondatea errespetatzeko eskatu die. Nafarroan, berriz, Amaia Muñoaren (idazkari nagusi albokoa) eta Imanol Pascualen (Nafarroako koordinatzailea) hitzaldien oinarrian NATOren desegitearen aldarrikapena egon da. Erorien Monumentuan hasi da manifestazioa, Monumentuaren eraisketa eskatuz.
ELAk Maiatzaren Lehena ospatu du Bilbon eta Iruñean eginiko manifestazioetan, 'SMI 1.500. Jo ta ke hemen erabaki arte' lelopean. Beste sindikatuekin batera martxoaren 17an ELAk egindako greba orokorraren aldarrikapena da aurtengo Maiatzaren Lehenaren mezu nagusia, hain zuzen ere, lelo argia eta zuzena.
Maiatzaren Lehena bide honetako mugarria izan da. ELAren eta milaka militanteen eginbeharra da geroz eta basatiagoa den kapitalismoaren ondorioei aurre egitea: inperialismoa, gerra eta, sakonean, faxismoaren aurka borrokatzea. ELAk uste du demokraziaren eta burujabetza sozialaren defentsa izan behar direla borrokaren ardatzak. Une honetan, beste aldarri batzuk ahaztu gabe, 1.500 euroko LGSaren aldarrikapenak biltzen ditu borroka guztiak bat egiteko osagaiak.
Gutxieneko Soldata Propioa
Ildo horretan, argi mintzatu da Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusia: “Behin eta berriz esan dugu: “Ez dugu etsiko hemengo gutxieneko soldata lortu arte”. Soldata duinak bereziki milaka emakumeren bizi baldintzak hobetzeko balioko luke, justizia sozial eta feministarako bidea izanik. “Ez dugu nahi beste inork gure izenean erabakitzerik; ez dugu nahi inork Madrildik bere prekaritatea inposatzerik; izan ere, gutxieneko soldata hobetzea insolidarioa dela esatea espainolista da”, gaineratu du.
Ildo beretik, Iruñeko manifestazioaren amaierako hitzaldietan, Muñoak eta Pascualek deitoratu egin dute Nafarroako Parlamentuan PSNk eta Contigo Zurekin alderdiak Alderdi Popularrarekin eta Voxekin bat egin izana, Nafarroak LGS propioa izatearen aurka. Chivite presidentea ere interpelatu dute, Nafarroak bere LGS propioa finkatzeko eskumena bere gain har dezan; izan ere, horrek lan merkatuan okerren dauden pertsonei mesede egingo lieke (batez ere migratuei eta emakumeei).
Bilbon, Lakuntzak Eusko Jaurlaritzari eta patronalari kritikak zuzendu dizkio elkarrizketa sozialaren mahaiaren inguruan. Gobernuak gehiengo sindikalari mehatxua bota izana salatu du, eta mahai hori “antidemokratikoa” dela eta “propagandarako tresna” bihurtu dela. Jaurlaritzari eskatu dio Partaidetza instituzionalaren lege-proiektua atzera botatzeko.
Mobilizazio eta greba ugaritan parte hartzen ari diren langileei babesa adierazi diete Bilbon zein Iruñean egindako ekitaldietan, eta enplegua suntsitzen duten ERE eta kaleratzeen aurrean sindikatuaren zeregina lanpostuak defendatzea dela azpimarratu dute. “ELAren xedea ez da enpresak nahi duena bozkatzea, sindikatuak enpleguari azkeneraino eutsi behar dio”, adierazi du idazkari nagusiak.
Horrekin batera, Lakuntzak nabarmendu du ELA sindikatu antiarrazista dela, eta migranteak kriminalizatzen saiatzen direnen aurrean lantokietan antolakuntza eta borroka direla erantzunik eraginkorrenak.