Austeritate-politika onartzeak eta zerga-erreforma bati uko egiteak parte-hartzerik gabe eginiko eta guztiz antisoziala den aurrekontu hau baldintzatzen dute

2019/12/27
ELAk kezka agertu du aurrekontu politikaren eta zerga-sistemaren eraldaketa erradikala defendatzen dugun indar sindikalekin eta sozialekin bat egingo duen ezker instituzionalik ez dagoelako

Gaur egindako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bilera Nafarroako 2020rako aurrekontua egiteko orduan tramite hutsa izan da beste behin. Gizartearen eta sindikatuen parte-hartzea ez da lehentasun bat Nafarroako Gobernu honentzako ere. Ez dira gutxieneko baldintzak ematen benetako parte-hartzea bermatzeko, ez baitago ez informazio nahikorik ez denborarik aurrekontua aztertzeko, baina, batez ere, ez dago inolako borondate politikorik. Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bilerara joan garenok egindako ekarpen edo kritikak ez dira aurrekontuan sartuko eta ez dira kontuan hartuko.

Nafarroako Gobernuak austeritate politikak betetzeko hartu duen konpromisoak (gastu araua, defizit muga, zorraren ordainketa, erreposizio tasa...) eta diru-bilketa modu justu batean handituko duen erreforma fiskal bati uko egiteak osotara baldintzatzen dute aurrekontu antisozial hau, non finantza erakundeen interesak lehenesten diren gizarte beharren gainetik. Horren froga da Nafarroako Gobernuak 2018ko superabita zorra amortizatzeko erabiltzea erabaki duela, Nafarroako Parlamentuaren mozio bat bete gabe bada ere. Bestalde, joan den astean onartutako zerga-erreformak zerga-sistema bidegabea areagotzen du, lanaren errentek diru-bilketaren pisua jasaten duten bitartean enpresek gero eta ekarpen txikiagoa eginez. Enpresen ondareari zergak kentzeak enpresei zergak are gehiago jaistea dakar, eta hori guztiz onartezina da Nafarroa denean Sozietateen gaineko Zerga gutxien ordaintzen den Estatu osoko lurraldea.

Gainera, aurrekontu honek elkarrizketa sozialerako finantzaketa aurreikusten du. Honek, Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua berrindartzearekin batera, berretsi egiten dute Gobernu honek Sanz eta Barcinaren garaietara itzultzeko egindako apustua, non bake soziala bermatzen baitzen, UGT, CCOO eta CEN diru publikoarekin finantzatzearen kontura. Era berean, aurrekontu honek erabat neurrigabea den gobernu-egitura bat aurreikusten du, eta horren kostua gobernuak berak kuantifikatu du, urtean 6 milioi eurotik gorakoa izanik.

Azkenik, ELAk esan du ezker instituzionalak oposizioa egin behar duela eta tresna izan behar duela aurrekontu eta zerga-politiken erabateko eraldaketa defendatzen dugun indar sindikal eta sozialentzat.