Azken hiruhilekoan 12.800 lanpostu suntsitu dira Nafarroan

Politikak aldatu behar dira 2008ko krisiaren aurrekontu-murrizketen errezeta berberak ez errepikatzeko

EINk gaur argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuek erakusten dutenez, langabezia 3.800 pertsonatan igo da Nafarroan lehen hiruhilekoarekin alderatuta, hau da, 30.400 langabe daude guztira. Hau da, langabeen kopuruak %14,5 egin du gora aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Kontuan hartu behar da pertsona ez-aktiboen kopurua 9.600 pertsonatan igo dela azken hiruhilekoan, eta horrek esan nahi du lana galdu zuten pertsona guztiak ez direla langabetzat hartzen. Okupazioari dagokionez, bigarren hiruhilekoan 12.800 enplegu suntsitu dira aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Urtetik urterako datuei erreparatuta, Nafarroan langabezia 6.300 pertsonatan handitu da 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta; horrek esan nahi du %26,1eko igoera izan dela, eta pertsona landunen kopurua, berriz, 22.200 pertsonatan murriztu da azken urtean. Azken urtean eman den enplegu suntsiketak eragin handiagoa izan du emakumeen artean: emakume landunen kopurua %8,6 txikitu da azken urtean, gizonena baino puntu bat gehiago.

Egoera kezkagarria da. Gogora dezagun datu horietan ez direla sartzen aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek (ERTE) eragindako pertsonak. Enplegua lan-baldintzen eta aberastasunaren bidezko banaketaren alde borrokatuz defendatzen da. Enpresen ta errenta handien pribilegioekin amaitu behar da. Politikak aldatzen ez badira, aurreko krisiaren murrizketa eta austerizidio formula berberak errepikatuko dira.