Irakasleei gradoa eta uda ordaintzea berri ona da baina Administrazioan behin-behinekotasun tasa handiak bere horretan dirau

2019/10/01
ELAk gradoa eta uda ordainketa aldarrikatu du, bai negoziazio mahaietan bai epaitegietan ere, hau da, Administrazioak ordainketa egiteko hartu berri duen asmoa lehenago epaitegietan irabazitako eskubidetik dator. Edozein kasutan ELArentzat pozgarria da ordainketa egitea. Horrek ez du esan nahi, ordea, dena eginda dagoenik. Izan ere, ezin daiteke ahaztu behin-behinekotasun tasa oso altua dela. Hortaz, berau gutxitzeko urratsak eman behar dira orain.

Mahai Orokorraren gaurko bileran Funtzio Publikoak iragarri du gradoa abonatuko zaiela Administrazioko behin-behineko langileei atzera-eraginez, 2015eko urtarrilaren 1etik goiti. Eta 165 egunez edo gehiagoz lanean ari diren irakasleei lansariak udako hilabeteetan ere emanen zaizkie. ELAk gradoa eta uda ordainketa aldarrikatu du, bai negoziazio mahaietan bai epaitegietan ere.

Albiste ona da ELA sindikatuarendako Administrazioko diskriminazioren bat ezabatu izana; baina oroitarazten dio Foru Gobernuari behin-behineko langileen tasa oso handia dela (langileen ia %40ak behin-behinekoak dira), eta hori ere diskriminaziozkoa dela, eta enplegu publikoaren prekarizazio-faktorea ere badela. Bestalde, ELAk Nafar Gobernuari eskatzen dio Lanbide-karrera maila guztietara zabaltzea, bai langile finkoentzat bai kontratupekoentzat, eta, hala, bertan behera utzita irizpide subjektiboak eta kolektiboen arteko diskriminazioak.

Administrazioaren neurri hori epaitegien aginduen ondoriozkoa izan da, pertsonal kontratudunaren eta funtzionarioen arteko soldata-diskriminazioak behingoz ezabatzeko jarri diren milaka erreklamazio judizialen ondoren. Alde horretatik, ELAk Nafarroako Gobernua premiatu du Foru Administrazioko enplegu publikoaren prekarizazioa kentzera, eta epaiak betetzeaz haraindiko neurriak berehala hartzera. Ildo horretatik, eta kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko benetako apustua egiteko, ezinbertzekoa da Administrazioko langileen lan-baldintzak duinak izatea. Eta horretarako, autogobernuaren alde agertu behar da, eta Madrildik ezarritako austeritate-politikei jarraipen itsua egiteari utzi, gastu-arauaren eta defizit-mugaren goiburuak baztertuz.