Akordio Programatikoa (Nafarroa)
Botere ekonomikoen pribilegioak betikotu, elkarrizketa soziala finantzatu eta euskaran atzerapausoak eragingo ditu

Gehitu duenez, akordioak Gobernua egiten ari den politikei erabateko jarraipena emateak agerian uzten du PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekin taldeak negoziazioan izan duten lehentasuna kontseilaritzen banaketa izan dela, edukia bigarren maila batean utzita.
Edukiari dagokionez, akordioak uko egiten dio autogobernua baliatzeari, Madrilen ezartzen diren aurrekontu mugak bere eginez eta banku publiko baten sorrera eta zorraren auditoria barne hartu gabe, enpresek zerga-politikan dituzten pribilegioak handitzeko izan ezik. “Zerga bilketa handitzeko eta bidezkoagoa izateko erreforma fiskala adostu beharrean, sinatzaileek Barcinaren garaietatik jasotako fiskalitateari eustea erabaki dute”, kexu da ELA.
Enplegu politikari dagokionez, PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekinek Elkarrizketa Sozialaren aldeko apustu garbia egin dutela uste du sindikatuak. “Elkarrizketa soziala patronalari, UGTri eta CCOOri funts publikoak ematearen sinonimo da Nafarroan, eta uko egin diote Nafarroako Lan Auzitegiaren birfundazioari”. ELAk kezkaz ikusten du 2019ko akordio programatikoan Podemosek desadostasuna agertu zuela elkarrizketa sozialaren atalean, eta Contigo Zurekinek, berriz, ontzat eman du 2023ko akordio programatikoan.
Politika sozial eta ekonomikoei dagokienez, jarraikortasun argia badago ere, euskarari dagokionez atzerapausoak daude. Zonifikazio linguistikoa mantentzearen aurka agertzeaz gain, sindikatuak kritikatu du Euskararen II. Plan Estrategikoa egiteko konpromisoa 2019. urtearekin alderatuta desagertu izana.
ELAk ondorioztatu du sinatzaileek ez dutela inolako aldaketarik egin nahi Nafarroako arlo sozialean edo ekonomikoan. “Argi dago alde batera utziko dituztela pobretze testuinguruan larritzen ari diren gizarte premiak”, baieztatu du.