Hezkuntza Departamentuak argitu behar du zer gertatuko den Lanbide Heziketako irakasleekin Hezkuntzaren Lege berriarekin

2021/02/23
Mahai sektorialeko sindikatuok berriro adierazten diogu Hezkuntza Departamentuari biltzeko beharra, hezkuntzari buruzko lege berria indarrean jartzeak lanbide-heziketako irakasle teknikoei eragin dien ziurgabetasun-egoeraz hitz egiteko eta irakasle horiei kalterik ez eragiteko neurriak aurreikusteko (funtzionarioak, interinoak eta zerrendetan daudenak).

Hezkuntzako Mahai Sektorialeko sindikatuek bilera bat eskatu dugu berriz ere Hezkuntza Departamentuko arduradunekin, Nafarroako Lanbide Heziketako irakasle gehienek bizi duten ziurgabetasun-egoera aztertzeko, Hezkuntzari buruzko Lege berria indarrean sartu ondoren. Lege horretan, Lanbide Heziketako Irakasleen kidegoa desagertzear dagoen kidego bezala jasotzen da.

Joan den urtarrilaren 19an sartu zen indarrean Lege Organiko berria, eta Hamaikagarren Xedapen Gehigarrian ezartzen da desagertzear dauden Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoak Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan sartzea. Gai horrek zalantza ugari sortzen ditu une honetan lanean ari diren, ordezkapen zerrendetan dauden edo prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa egiten ari diren irakasleen egoerari dagokionez.

Hezkuntza Departamentuak jakinarazi zigun, xedapen horren edukia garatzeko, Hezkuntza Ministerioak autonomia-erkidegoetako arduradunak deituko zituela, eta dagoeneko egin da bilera hori. Era berean, ziurtatu zigun bilera horretan landutakoaren berri emango zigula. Horregatik, Hezkuntza Departamentuari informazioa eskatzen diogu jorratutakoari buruz eta Nafarroako Gobernuak gai horretan duen jarrerari buruz. Sindikatuen ustez, funtsezkoa da informazio hori argitzea eta Nafarroako Gobernuak egingo duen proposamena lantzea. Halaber, lehentasunezkoa da etorkizuneko Lanbide Heziketaren Legearen edukia ezagutzea, Nafarroako Lanbide Heziketako irakasleei nahitaez eragingo dieten alderdiak bilduko baititu.

Gure ustez, erantzukizunagatik, Hezkuntza Departamentua gai horiek guztiak lantzen aritu behar da, eta, eragingo dien irakasleen ordezkari gisa, haien aurreikuspenak eta proposamenak ezagutu behar ditugu, eta Nafarroako Administrazioak Hezkuntza Ministerioaren aurrean defendatuko dituen irizpideen zehaztapenean parte hartu nahi dugu.

Hori guztia dela eta, berriz ere premiazko bilera bat eskatu behar dugu Departamentuko arduradunekin, Nafarroako Lanbide Heziketako irakasleen egoera argitu ahal izateko.