ELA 112ko langileen alde agertzen da, eta zerbitzu publiko horren izen ona alderdikeriengatik lohitu nahi izatea salatzen du

2018/09/27
ELAk 112ko langileen jarduna aitortzen du

Orain bezala inoiz ez da hain zalantzatan jarri SOS-Nafarroa Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa. Hori dela-eta, hango langileak estresak jota ari dira lanean. Babes Zibileko Zuzendaritzaren eta zerbitzu partehartzaileetako zuzendaritzen artean adosturiko jardunbide-protokolo anitzak aplikatzera beharturik daude 112ko langileak beren eguneroko lanean.

 

Lan hori gainbegiratzeko, agintari eta arduradun ugari egon arren (salako buruak, babes zibileko zuzendariak, suhiltzaileen buruak, polizia-buruak...), salaketak jartzen direnean koordinazio-operadoreen aurka jartzen dira, banako eran, beraien jarduna auzitan jarriz, baina jardun horien azken erantzuleak ez dira inoiz salaketetan sartzen.

 

Dena dela, azken puntua izan da koordinazioko ustezko akatsei atarramendu politikoa atera nahi izatea. Halaxe gertatu da Casedan, eta eskerrak ezarritako protokoloak behar bezala aplikatu zirela, eta beharrezko arreta albait azkarren eman zela. Oroitu beharrekoa da, bidenabar, protokolo horiek lehenagoko legealdietan onetsiak izan zirela.

 

ELAk 112ko langileen lana preziatu eta aitortzen du, lan eraginkorra, isila eta profesionala; eta dei egiten die arduradun politiko eta sindikalei polizia-eredu bat adosteko denak gogobetetzeko modukoa, zerbitzu publiko eraginkor hori hauteskundeei begira ez erabiltzeko, eta Nafarroako Gobernua erretzeko tresna gisa ez baliatzeko.