ELA-k Hezkuntzari exijitzen dio Castejongo “2 de Mayo” ikastetxeari IzIP-PAI-tik ateratzeko baimena emateko

2021/02/09
Klaustroak eta ikastetxeko Eskola Kontseiluak egiaztatu dute APIk kalte egiten diela ikasleei gainerako arloetako curriculumak hustuz.

UPNren Gobernuak IzIP-PAI modu masibo eta zoroan ezartzea erabaki zuenean, Castejonen Udalak hartu zuen horretarako ekimena, ikastetxea aurka agertu bazen ere, ikasleentzako programa kaltegarritzat jotzen zuelako. Hala ere, inposatu egin zitzaien.

Igaro diren urteetan, ikastetxeko irakasleek eta familiek egiaztatu dute zituzten errezeloak ondo oinarrituta zeudela, IzIP-PAI-ren helburua atzerriko hizkuntzak ikastea zela, baina ikasleak kaltetzen zituela gainerako arloetako curriculumak hustuz, haurtzarotik gehiegizko esfortzua egitera ere behartzen zituela eta ekitatea hausten zuela.

Hori guztia dela eta, Klaustroak eta ikastetxeko Eskola Kontseiluak 2019tik aurrera programa horretatik ateratzeko asmoa zuten, baina Departamentuak, UPNk eta PSNk eskolaren aurka egindako kanpaina politikoak bultzatuta, ikastetxearen autonomiari muzin egitea eta PAItik ezin ateratzea erabaki zuen. Erabakia politikoa izan zen, baina teknizismoz betetzen saiatu ziren. Akatsez betetako 34/2020 ebazpenarekin, ikastetxeari leporatu zioten eskaera ondo egin ez izana, baina ikastetxeak 147/2016 FA bete zuen, egutegi bat ezarriz PAIko azken ikasleak garai hartan programa zegoen mailarik altuenera (LH2) iritsi arte. Departamentuak ere ez zion ikastetxeari akatsak zuzentzeko eperik eman, gabeziak ikusten bazituen, eta ez zuen ontzat eman eskolak aurreikusi zuen plantilla-aurreikuspena; gainera, ez da hori egiteko arduraduna, eginkizun hori Ikuskaritzari baitagokio, zentroaren eskaera onartu ondoren.

Aurten, Klaustroaren gehiengo zabalak (% 78,8) eta Eskola-kontseiluak aho batez, programatik irteteko eskatu dute berriz ere, eta Zuzendaritza Taldeak PAIren Irteera Plana aurkeztu du, guztiz justifikatuta eta zehaztuta. Espero dezagun Hezkuntzak duela urtebete bezala ez jardutea, eta ikastetxeari legearen arabera eskatzen duena baimentzea exijitzen diogu.

ELAk Castejongo ikastetxearen jarrerarekin bat egiten duten alderdi politikoei, sindikatuei, zuzendaritza-taldeei, familiei eta irakasleei dei egin die Hezkuntzari presio egin diezaioten, Maiatzaren Biko ikastetxeari PAItik irteteko baimena eman diezaion, horretarako beharrezkoak diren baliabideetan laguntza emanez.