ELA Trafiko eskumena hartzearen aldekoa da; eta uste du, prozesu horrekin batera, bertze polizia batzuk erretiratu behar direla Nafarroatik
PSOEk eta EAJk trafiko-eskumenak Estatutik Nafarroara eskualdatzeko akordioa jakitera eman da arestian. Alde horretatik oroitu beharrekoa da Hobekuntzaren Legeak (Lorafna) trafiko-eskumenak Nafarroari zegozkiola aitortu zuela; hala ere, Estatuak frankismo-garaian bereganatu zituen, eta harrezkero gai eztabaidatua izan da beti, baina Nafarroaren esku osoki utzi gabe.
ELAk betidanik eskatu izan du trafiko-eskumena Foruzaingoarendako. Gainera, eskumen hori hartzearekin batera, plantilla ugaldu beharko da, eta bertze polizia batzuen tamaina gutxitu. Hori dela-eta, beharrezkoa da LPE baten deialdia egitea, izaera militarreko kidegoei, Goardia Zibilari kasu, lehentasunik eman gabe.
Lehengo legealdian, UPNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren botoei esker, Polizia Legea onetsi zenean, ELAk bere ikuspuntu kritikoa azaldu zuen. Izan ere, bertzeak bertze, lege haren bederatzigarren xedapen gehigarrian aukera ematen zaie Goardia Zibileko kideei Foruzaingoan sartzeko.
Foruzaingoak trafiko-eskumena hartzea lehen urratsa izan behar da Foruzaingoaren osoko garapena lortzeko bidean; baina, horrez gain, polizia-ereduari buruzko eztabaida ere sustatu beharko litzateke. Ildo horretatik, ELAren helburua Foruzaingoarendako zera da: polizia profesionala izatea, izaera zibilekoa, genero-ikuspegia barneratua duena, eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatuko dituena.