ELAk 2019an 2018an baino ia 40 milioi euro gutxiago gastatuko direla salatu du
Gaurko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren (CES) bilerak Nafarroako Gobernuarentzat partaidetza soziala ez dela inolako lehentasuna baieztatzeko balio izan du.
CESaren funtzionatzeko modua ez da aldatu, eta tramite hutsa izaten jarraitzen du. Bilera hauek Gobernuak Aurrekontu Proiektua Parlamentura bidali baino lehen legeak ezartzen duen baldintza bat besterik ez dira. Bertan egindako ekarpenak eta kritikak ez dira jasoko aurrekontuetan, eta ez dira kontuan hartuko.
Nafarroako Gobernuak egindako Aurrekontuen Aurreproiektuak lehengo ildotik jarraitzen du, eta Madrilgo politikak eta finantza erakundeen interesak lehenensten ditu behar sozialen gainetik.
ELAk diru-bilketa handitzeko eta aberastasuna banatzeko erreforma fiskala eskatu du. Nafarroako Gobernuaren esku dago diru-bilketa handitzea, borondate politikoa besterik ez da behar horretarako. Kezkagarria da, zentzu honetan, aldaketarik planteatu ere ez egitea, eta Aurrekontuen Estabilitate Legearen ideologia ontzat ematea, Madrilen gastu muga onartzeraino.
Hau guztiaren ondorioa da 2019an 2018ko itxiera aurreikuspena baino ia 40 milioi euro gutxiago gastatzea aurreikusten duen aurrekontua.
Beste alde batetik, guztiz gaitzesgarriak dira CEN patronalaren ordezkariak Errenta Bermatuaren inguruan gaur esandakoak, “enplegurik ez bilatzea bultzatzen duela” alegia.