ELAk 3 greba-eguneko deialdia egin du Icer Rail-en, lan-egoera salatzeko

2019/02/14
Zuzendaritzak "lan-baldintzen aldaketa nabarmen bat" ezarri du, adostasunik gabe.

Enpresako Zuzendaritzak eta UGT sindikatuak hartu dituzten azken erabakiak direla-eta, Icer Rail-eko lan-egoerak okerragora jo du, eta langileek greba-deialdia egin dute hurrengo 3 asteburuetarako.

 

Orain dela bi aste UGTk oso akordio gibelatzaile bat sinatu zuen Icer Rail-en. Hauteskunde sindikalak 2018ko abenduaren 21ean izan zirenez, akordioaren negoziazioak lehengo Batzordeak egin zituen. Eta puntu horrekiko, azpimarratu beharrekoa da lehengo batzordeko UGTko ordezkariek ez zutela onartu enpresaren proposamena, lan-baldintzak beheratzeko.

 

Zehazkiago errateko, UGTk eta ICERko Zuzendaritzak sinaturiko akordioan hurrengo puntu kaltegarri hauek sartu dira, 3 urtera begira hilean 60 €-ko soldata-igoeraren truke:

 

  • Izozketak aparteko orduen prezioan, gaueko plusean eta 5. txandako plusean.

  • Arriskugarritasunaren kontzeptua kendu kontratazio berrientzat.

  • Plantillako zati batek lehengo akordio batean negoziatuak zituen baldintzak kendu.

  • Kimika Hitzarmenean malgutasunari buruz ezarritakoa okerragotu. Malgutasuna areagotu da, 100 ordutik 172 ordura, eta ordubete orduko itzuliko da 2 urteko epean, diru-konpentsaziorik gabe, eta eguneko lanaldia 10 ordura arte luzatzeko aukera emanez.

 

Gainera, bosgarren txanda ezartzeko Lan-baldintzen Aldaketa Nabarmen baten kontsulta-aldiaren barnean erabaki zuen UGTk akordioa sinatzea. Azkenean enpresak ez zuen kontuan hartu batzordearen proposamenetariko bat ere, eta Lan-baldintzen Aldaketa Nabarmen hori adostasunik gabe aplikatzen ari da.

 

Orobat, ELAk langile baten kaleratzea ere salatzen du, eta baita lan osasuneko egoera.

 

Horiek horrela, eta enpresak Lan-baldintzen Aldaketa Nabarmen bat adostasunik gabe ezarri duenez, ELAk grebara deitu du heldu diren 3 asteburuetarako.