Zaindu nazazu (gutxienez) bi orduz!

2019/02/18
Zaindu nazazu (gutxienez) bi orduz!
ELAk adinekoen egoitzetako ratioen igoera exijitzeko `Zaindu nazazu (gutxienez) bi orduz!´ kanpaina jarri du martxan.

ELAn argi daukagu zaintza sistema izan behar dela gizarte ereduaren eztabaidaren muina: nolako zaintza eredua, halako gizartea. Egungo zaintza sistema, ordea, emakumeon esplotazio eta diskriminazioan oinarritzen den sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkalaren ereduan oinarritzen da, bai lantokietan, baita etxean ere. Zoritxarrez, zaintzaren kalitatea, arreta eta denbora lausotuta geratzen dira, ia desagertu arte. Ondorioz, baita zaintza eta arreta behar duen pertsona ere.

Horren aurrean ELAk helburu argia dauka: Nafarroako zahar egoitzen egoera hobetu. Horretarako, lehenik eta behin, egoera bera aztertu dugu, alegia, adinekoen zaintzari dedikatzen zaizkion denborak eta ratioak (zaintzaile kopurua pertsona bakoitzeko) neurtu ditugu. Emaitzek, zoritxarrez, gure aurreikuspenak konfirmatu besterik ez dute egin.

Zaintzaileen ratioen egungo azterketa egin da. Ondorengo taulan egoiliarrari egunero eskaintzen zaion ordu kopurua agertzen da. Horren aurrean, egunean, gutxienez, bi orduko dedikazioa eskaintzea eskatzen dugu:

 

 

HERRIALDEA

EGUNGO EGOERA

Zaintza denbora/ pertsonako

GUTXIENGO

ALDARRIKAPENA

 

NAFARROA

88 min/eguneko

% 41 gehikuntza

 

EGOILIARRA 2 ORDUZ (120 min) EGUNEAN GUTXIENEZ ZAINDUA IZATEA

 Beraz, kategoriaz kategoria ondorengo aldarrikapen zehatzak proposatzen ditugu:

 

KATEGORIA

GUTXIENEKO ALDARRIKAPENA

ZAINTZAILEA

2 ordu pertsonako egunean

ERIZAINA

Eguneko 24 orduetan

GARBITZAILEA

% 53a gehitzea

SUKALDARIA

Bat 50 egoiliarrentzat

ELAn behin eta berriz salatu dugu adinekoen egoitzetako langileok egunero egin beharreko lan zama izugarri handia dela; baita horrek zaintzaren kalitatean duen eragin kaltegarria ere. Alde batetik, egoiliarrak zaintza duina jasotzeko behar duen dedikazioa eta kalitatea ez dira inondik inora bermatzen; ondorioz, bere oinarrizko premiak asetu gabe geratzen dira. Bestetik, langileek pairatu behar duten lan kargek eta erlojuaren menpeko lan erritmo basatiek izugarrizko galerak eragiten dizkiete euren lanean eta osasunean.

Aipatutako egoera erabat orokortua dago Nafarroako adinekoen egoitzatan. Ezin ahaztu erakunde publikoek eta alderdi politikoek dekretu eta legedia desberdinak erabiliz hartutako erabakien ondorio zuzena dela hau.

Erabaki horiek RATIOetan ezartzen dira, alegia, zenbat langile edo denbora dedikatzen zaion zeregin bakoitzari: zaintzari, erizaintza lanei, egoitza garbitzeari, edota janaria sukaldatzeari, besteak beste.

Azken urteotan langileok behin eta berriz eskatu dugu ratioak igotzea, gizartea gero eta zaharragoa den heinean, gero eta gehiago direlako menpekotasun egoeran dauden pertsonak, eta gero eta anitzagoak profilak. Ondorioz, beharrak ere handiagoak eta konplexuagoak dira. Hori dela eta, ratioak egokitzea aldarrikatu dugu lan baldintzak arautzeko dagozkigun esparruetan; patronalak, ordea, esparru horietatik kanpo utzi nahi izan ditu, aldarrikapen hauen negoziaketa esparruak beste batzuk direla argudiatuz.

Egoeraren larritasuna ikusita, eta herrialde bakoitzeko errealitate desberdinak kontuan izanik, ELAk azterketa sakona egin du. Datu horietan oinarrituta, RATIOEN gehikuntza eskatzeko KANPAINA jarri du abian.

Azterketaren emaitza ondorengo tauletan jasotzen da; baita ondorioak eta gutxieneko aldarrikapen zehatzak ere.

Zaintza, zainduak eta zaintzaileak zaintzeko bidean, honako hau eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari:

  • Zaintzari merezi duen aitortza egin diezaiotela, horretarako behar diren baliabideak bideratuz.

  • Gizartean gero eta behar handiagoak diren heinean, ratioen legedia eta dekretuak berriztea eta egungo egoerara egokitzea.

  • Ratioen eguneraketak prekarietatetik aldentzen den kalitatezko enplegua sortzea; lan baldintza duinak eta soldata arrakalaren egoera deuseztatuko duena.

  • Menpekotasun egoeran dauden pertsona eta langileak zaintza sistemaren erdigunean jartzea.