ELAk aurre-akordioa sinatu du Gozogintza Hitzarmenerako, non lan-erreforma indargabetu den, eta UGTk eta CCOOek lehengo hitzarmenean izenpetu zituzten murrizketak ezabatu diren.

2017/11/17
ELAk, sektoreko sindikatu nagusiak, ontzat jo du edukia, besteak beste, aurrera-eragin mugagabea lortu baita, eta nahitaezko arbitrajea kendu.

Gaur egindako aurre-akordioaren arabera lan-erreformaren alderdirik atzerakoienak baztertuko dira hitzarmen berritik, eta UGTk eta CCOOek lehengo hitzarmenean ontzat emandako murrizketak ezabatuko. Hona hemen aurre-akordioaren puntu nagusiak:

 

Aurrera-eragin mugagabea (lehengo hitzarmenaren aurrera-eragina 3 urtekoa zen).

Nahitaezko arbitrajea kendu da (lehengo hitzarmenean derrigorrezkoa zen Aholkularitzaren Nazio Batzordera jotzea). Honez gero bermatuago geratu da hitzarmena benetan aplikatuko den, aplikagarritasuna salbuesteko ezintasuna ezarrita baitago, ez bada noski alderdien arteko adostasunez. Eta arbitrajera jotzerik ere galarazita dago.

Laguntzaile kategoria kendu da (kategoria arras prekario hori lehengo hitzarmenean sartu zen).

Lanaldia 14 orduz laburtu da.

3 urteko indarraldia.

Soldata-igoerak: %1,5 urte bakoitzeko, eta hitzarmenaren bukaeran KPI %4,5tik gora igo bada, berrikuste-klausula.

 

 

Horregatik guztiagatik, ELAk ongi deritzo aurre-akordioaren edukiari. Hala ere, akordio honen ondotik ez da amaiera bat egon behar, jarraipen bat baizik. ELAk ezinbestekotzat jotzen du gozogintzako langileak antolakuntzaren bidetik abiatzea, lan-baldintzak enpresa-mailako hitzarmenen bidez hobetzeko, lan-erreformen ondoren hori baita modu bakarra osoko aplikazioaren segurtasun juridikoa izateko.