ELAk bere autonomia eta gauzak aldatzeko eskubidea aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean
Aurten ere, ELAren autonomia aldarrikatu behar da, langileen defentsan esparru sozial, politiko eta ekonomikoak kontuan hartu behar direlako, ezinbestean, eta sindikatuak esparru horietan ere eragiteko beharra daukalako.
ELAk oinak lurrean ditu, eguneroko murrizketak eta soldaten zein lan baldintzen okertzeko joera pairatzen dituztenekin gaudelako. Aurtengo leloaren gakoa hor dago. Langile asko antolatzen ari dira, bizi eta lan baldintza duinen alde borrokatzeko. Hauek ere, Nafarroan benetako aldaketa politikoa eta soziala gauzatzearen alde ari dira.
Heldu den Maiatzaren Lehenean lagun asko kalera aterako dira helburu horrekin. Horietako asko izan dira ere posible egin dutena aurtengo Maiatzaren Lehenean ELAk Nafarroako langile klasearen artean sekula izan ez duen ordezkaritzarik handiena lortzea (23,09%). Etengabeko aurrerapauso honek berresten du ELAren apustua, autonomia, gertutasuna eta eredu aldarrikatzailea, oinarritik langileak lantokiz lantoki antolatzea helburu duena.