ELAk bere kezka agertu dio Izquierda-Ezkerrari Hezkuntzaren EPEetan diskriminazioari eutsi nahi izateagatik

ELAk bilera egin du Izquierda-Ezkerrako Zuzendaritzarekin, ea koalizioko bi parlamentariek ez duten bat egiten UPN, PSN eta PPrekin, funtzio publikoaren sarbiderako sistema antidemokratiko eta diskriminatzailea legez ezartzeko saiakeran, oraingo honetan Hezkuntzaren EPEetan zerrenda bereiziak mantendu nahian.
ELAk I-Eko Zuzendaritza premiatu du eskubide demokratikoak aitortzeko bidetik aitzinatzera, eta herritarren berdintasuna bermatzera. Alde horretatik lasai aski esan liteke PSNren lege-proposamenaren alde egitea iraganari begira egotearen pareko dela, eta garai bateko adiskidekeriazko neurriak berriro hartzea, eta Nafarroako aniztasuna eta eskubide demokratikoak onartzeko ezintasuna erakustea.
Bestalde, ELAk oroitarazten dio Nafarroako Gobernuari oraindik ez duela bere proposamenaren xehetasunik eman, ez baitu aurkeztu horri buruzko dokumentaziorik. Izan ere, PSNren legegintza-ekimenak ez du salbuetsiko Hezkuntza Departamentua proposamenaren nondik-norakoak idatziz aurkeztu behar izatetik.
ELAk berriz ere azpimarratuko du funtzio publikoaren sarbiderako berme handiagoa ematen duen formula zerrenda integratuarena dela; horrela, hautagaiek espezialitateetan eta hizkuntzetan dituzten gaitasunak balioetsiko dira, hautagai guztiek sarbiderako izan behar duten berdintasuna errespetatuz.