ELAk Iruñeko El Vergel egoitza publikoan berehala jarduteko eskatu dio Gizarte Eskubideetako sailburuari

2020/06/05
Sindikatuaren ustez, ezinbestekoa eta premiazkoa da zentroa giza baliabidez eta baliabide materialez hornitzea, egungo berrantolaketari aurre egiteko eta langileen eta egoiliarren osasuna babesteko.

Iruñeko El Vergel egoitza publikoan sindikatuek, langileek eta ANADPeko zuzendaritzak ekainaren 4an egindako bileran, ELAk adierazi zuen giza baliabideak eta baliabide materialak jarri behar direla zentroaren egungo berrantolaketari aurre egiteko eta langileen osasuna babesteko.

Egoitzak hilabete darama antolakuntzan aldaketa handiak izaten, eta aldaketa horien ondorioz lanpostuak, lanaldiak, txandak, funtzioak eta zereginak aldatu behar izan dira, aldez aurretik jakinarazi gabe eta adostasunik lortu gabe, Koronabirusak eragindako alarma-egoera betean. Egoera horri gehitu behar zaio desgaitasun-zentro batetik datozen egoiliarren kopurua handitzea, aurrez prestakuntzarik jaso gabe arreta ematen zaielako.

ELAk adierazi du premiazkoa dela esku hartzea, langileen osasunari kalte gehiago ez egiteko; izan ere, egoera horri gehitu behar zaio langileak gainezka daudela, COVID-19ari aurre egiteko "estrategia kaotikoaren" ondorioz.

Sindikatuak positibotzat jo ditu bai bilera eta baita sailburuak egoera horri aurre egiteko Langileen Batzordearekin biltzen jarraitzeko egindako eskaintza, nahiz eta berandu iritsi dela uste duen. "Eskatutako datu guztiak eskuratu ahal izatea nahi dugu, bai eta benetako negoziazioari ekitea ere, langileengan zentratutako Arreta Integralaren eredua benetan ezartzeko beharrezkoak diren baliabideez hornitu ahal izateko".