ELAk Nafar Gobernuari eskatu dio igande eta jai-egunetako merkataritza-irekierak eztabaidatzerakoan kontuan hartu ditzala sindikatuak

2017/11/14
ELAk Nafar Gobernuari eskatu dio kontuan hartu ditzala sindikatuak igande eta jai-egunetako merkataritza-irekierak eztabaidatzerakoan. Sindikatuaren ustez, elkarrizketak patronalarekin soilik egitea ez da zuzena, baina hala gertatzen ari da.

Merkatarizaren Kontseiluaren gaur goizeko bileran ez dira zehaztu irekiera baimenduriko jai-egunak 2018. urterako.

Nafarroako Gobernuak denbora gehiago eskatu du, merkataritza-eragileekin akordio-proposamen bat egin ahal izateko.

ELAk sektoreko sindikatuak ere kontuan hartzeko eskatu du, igande eta jai-egunetako merkataritza-irekierak zehazteko orduan. Denbora gehiago eman zaionez, gobernua horretaz baliatu beharko zen, bere akordio-proposamena sektoreko sindikatuen iritziekin ere alderatzeko.

Gai horretan sindikatuak gobernuko aliatuak izan daitezkeela entzun da, igande eta jai-egunetan dendak itxita egotearekin bat baitatoz. Alde horretatik “0 irekiera” helbururantz aitzin egin nahi bada benetan, ez da itxurazkoa patronalarekin bakarrik mintzatzea.

Gobernuak bere 2015eko akordio programatikoan ezarritakoa gauzatzeko neurri zehatzak noiz hartuko zituen zain egon da ELA; eta orain gure sindikatuak Nafarroako Merkataritza Kontseiluan egin dion eskaintza onartuko duelakoan gaude.

Oroitu beharrekoa da ELAk, orain dela urtebete, akordio bat sinatzea proposatu ziola gobernuari, Nafarroako irekiera-kopurua arian-arian gutxituz joateko eta 0-raino iristeko akordioa egitea, gainerako sindikatuekin batera. Baina oraindik, urtebete geroago, ez dugu erantzunik jaso.