ELAk esparru-akordiorako proposamen bat aurkeztu du, igande eta jai-egunetan dendak irekitzen ez uzteko

2019/11/08
ELArendako penagarria da UGTk eta CCOOek proposamen hori batera bultzatzeari uko egin izana. Merkataritza Kontseiluaren bileran, gobernu berriak gai horrekiko asmorik ez duela maiseatu du ELAk.

Merkataritza Kontseiluaren gaurko bileran ELAk testu artikulatu bat aurkeztu du, igande eta jai-egunetan dendak irekitzea eragozteko. Akordio horren legezko moldea esparru-akordioarena da, eta lan-egunak astelehena eta larunbata bitarteko egunak izanen ziren; baina igandeak eta jai-egunak berariaz salbuetsiko lirateke, nahitaezko eta trukaezinezko atseden-egunak izanen baitziren.

Bada denbora ELA akordiorako formula hori proposatuz hasi zela, baina orain arte ez dugu aurkeztu proposamen zehatz eta artikulatu bat. Oraingo proposamen honek erabateko lege-bermea du; eta enpresarien eta sindikatuen gehiengo nahikoa lortuz gero, sektoreko enpresa guztiak eraginpean hartu eta behartuko lituzke, hitzarmen kolektibo baten bezainbertzeko indarra izanen bailuke.

Akordio horren bidez jai-egunetan ireki nahi duten enpresek ezin izanen lukete soldatapeko langilerik erabili, ez ohiko langilerik, ezta horretarako kontrataturiko langilerik ere. Horrela, de facto ez legoke igande eta jai-egunetan irekitzerik.

ELAk proposamen horren bidez agerian utzi nahi du merkataritzako langileek igande eta jai-egunetan atsedena har dezaketela, borondate kontu hutsa dela. Arlo horretan aitzin ez egiteko, Estatuaren ordenamendu juridikoa aitzakiatzat erabiltzea igande eta jai-egunetan irekitzeari babesa ematea baino ez da, akzioaz edo omisioaz.

Bertzalde, ELArendako deitoragarria da UGTk eta CCOOek aukera hori batera bultzatzeari emandako ukoa; zeren, esparru-akordiorako proposamen hori aitzin eramateko, mobilizazioak beharrezkoak izanen baitira. Izan ere, mobilizazioetarako aukerarik izan gabe, irekiera-kopurua murrizteko edozein planteamendu ukatua izanen da patronalaren aldetik, eta enpresen esku geratuko da noiz eta zenbat irekitzea, beti ere gobernuaren oriritziaz.

Azkenik, ELAk kritikatu du Nafarroako Gobernuaren eta hari eusten dioten alderdien proiekturik eza, Akordio Programatikoan aipurik ere ez baitute egin irekiera-gaiari buruz. Gainera, gobernu honen lehendabiziko neurria, lehenagoko gobernuena bezalakoa izan da: patronalaren akordioei lege-babesa ematea eta sindikatuen eskaerak, eta hedaduraz sektore horretako langileenak, aintzat ez hartzea.