ELAk espero du behin betiko baztertuko dela Polizia Lege atzerakoi, arbitrario eta diskriminatzailea

2017/10/19
ELAk berriro dio: Gaur Foru Parlamentuan atzera bota duten Polizia Legea atzerakoia zen, lan-baldintzak okertzen zituelako, malgutasuna areagotu eta arbitrarietate eta adiskidekeriarako atea irekitzen zuelako.

Legegai honen ibilbidea hasieratik zentzugabea izan da, eta honek ondorio politikoak izan behar ditu. ELAren ustez deitoratzekoa da Barne sailak negoziatzeko agertu duen gaitasun eza, batetik, eta EH Bildu zein Geroa Bairen jarrera, bestetik, prest baitzeuden gehiengo sindikalaren babesik gabeko lege bat onartzeko. Hain zuzen, ELAk ongi iritzi dio Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren erabakiari, gehiengo sindikalaren babesik ez zuen legerik ez onartzea, aintzat hartu baitute negoziazio kolektiboko funtsezko oinarri bat, gehiengoa errespetatzea.

ELAren iritziz ulertezina da prozesu guztian nola lerrokatu diren Barne saila, EH Bildu eta Geroa Bai Foruzaingoko buruzagiekin. Gogoratu beharra dago 15/2015 Legea lantzen ari zenean UPN gobernuan zegoen garaiko Foruzaingoko goi-arduradunak haren aurka mobilizatu zirela; nabarmena izan zen egungo Barne zuzendariaren eta Foruzaingo buruaren jokabidea. Argi dago goian aipatutako bi alderdiek eta Gobernuak okerreko aliatuak aukeratu zituztela, UPNren erregimenaren aitzindarien eskuetan geratu baitziren horrela.

Gaur baztertu den legegaia goi-arduradun horien neurrira zegoen eginda. Gainera, azken proposamenean soldata-eskala bikoitza ezarri nahi zen, foruzainen artean diskriminazioa eragingo zukeena: egungo polizientzat mantendu egingo zatekeen froga fisikoen aukera, baina berriek ez zuketen hautatzerik.

ELA ez dator bat Parlamentuko talde batzuk esandakoarekin, alegia, Foruzaingoaren atzera-egitea dela 15/2015 Legea. Izan ere, lege hari esker soldata-masaren banaketa zuzenagoa lortu baitzen, arbitrarietatea amaitzea, eta UPNk urtetan ezarritako eredu poliziala nolabait desegitea. Arazoa ez da 15/2015 Legea, haren ondoren Beaumont kontseilariak ezarri zuen araudia baizik (DF 79/2016); honen xedea legea bera boikotatzea zen.

Azkenik, ELAk berriz ere adierazi nahi du prest dagoela Mahai Sektorialean negoziazioari ekiteko, oinarritzat 15/2015 Legea hartuta; helburua litzateke eskumen zabalagoak lortzea, horrekin batera beste indar polizial batzu murriztuko liratekeelarik. Horretarako Gobernuak LEP bidez lantaldea gehitzeko asmoa izan behar du, eta Estatuari galdegin behar dizkio Nafarroari dagozkion eskumenak. ELAren eredua da Foruzaingo integrala, gertukoa, profesionala, zibila, genero ikuspegia aintzat hartzen duena eta herritarren hizkuntz-eskubideak errespetatzen dituena.