ELAk gaitzetsi du Nafarroako Gobernuak harturiko erabakia, premiazko osasun-garraioa berriro publiko ez bihurtzearena

2019/02/05
Sindikatuaren arabera zerbitzu publikoak administrazio publikoek eman behar dituzte zuzenean, tartean irabazi-asmorik izan gabe, eta enpresa pribatuetan zerbitzu horiek eman izan dituzten langileen lan-eskubideak errespetatuz. ELAk ez du beharrezkotzat ikusten barneratze-lege bat onestea, zeren lehengoratzen diren zerbitzuetako langileen subrogazioa Kontratu Publikoen Legean bertan bermatzen baita.

Nafarroako Gobernuak uko egin dio premiazko osasun-garraioa arlo publikora itzultzeari, nahiz eta horrela Geroa Bairen, Bilduren, Ahal Duguren eta Ezkerraren arteko akordio programatikoa ez bete.

 

ELAk erabaki hori kritikatu du erranez administrazio publikoen lehentasunen artean azpikontratazio-mailak jaistea eta azpikontratetako lan-baldintzak duintzea hartu behar direla. Helburua da zerbitzu publiko gardenak, demokratikoak, parte hartzeari irekiak eta kontrol publikoaren menpekoak berreskuratzea. Horregatik, administrazioek eman behar dituzte zuzenean zerbitzu publikoak; horrela soilik izanen dira unibertsalak eta kalitatezkoak, tartean irabazi-asmorik izan gabe. Gaur egun dagoen azpikontratazio-maila itzela denez, arlo publikora itzultzeko prozesuak abiarazi behar dira. Baina lehengoratze-prozesu horietan enpresa pribatuetan zerbitzu horiek eman izan dituzten langileen lan-eskubideak errespetatu beharko dira.

 

ELAren iritziz ez da beharrezkoa barneratze-lege bat onestea, lehengoratze-prozesuak gauzatzeko; zeren Kontratu Publikoen Legeak, 67.4 artikuluan, lehengoratuko diren zerbitzu pribatuetako langileen subrogazioa bermatzen baitu. Puntu horrekiko, oroitu beharrekoa da lege hori oraingo legealdi honetan onetsi dela ELA, LAB eta CCOO sindikatuen elkarlanari esker. Lege hori aitzinamendu nabaria izan da administrazioetako enpresa azpikontratatuetan diharduten milaka langileren lan-baldintzetan. Lege horren azken idazketa ELAk 2014an sustaturiko eta 14.635 nafar langilek sinaturiko Legegintza Herri Ekimen baten ondorioa izan zen.

 

Barneratze-lege baten beharrik ez dagoela erran duen sindikatu bakarra ELA izan da, Kontratu Publikoen Legea aski delakoan, enpresa pribatuetan premiazko osasun-garraioaren zerbitzua eman izan duten langileen baldintzak bermatzeari dagokionez. Alde horretatik, denboraren poderioz argi geratu da UGTren eta CCOOen estrategia okerra zela.

 

Azkenik, ELAk dei egiten dio Nafarroako Gobernuari kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko apustua egin dezan, eta zerbitzu horiek administrazioek zuzenean eman ditzaten, beti ere eraginpeko langile-kidegoen lan-eskubideak errespetatuz.