ELAk Nafarroako Gobernuari exijitu dio hezkuntzako kontratazio-zerrendak integratuak izatea

2017/12/22
Parlamentuan onetsi den lege baztertzaileak EPEak baino ditu eraginpean hartuko. Horren aurrean, Hezkuntzako kontratazio-zerrendak eta EPEak bata bestetik bereizteko eskatu du sindikatuak, Estatuko hainbat erkidegotan gertatzen den bezala.

ELAk Nafarroako Gobernuari exijitu dio hezkuntzako kontratazio-zerrendak integratuak izatea. Izan ere, PSNren eskutik Parlamentuan aurkeztu eta onetsi den lege baztertzaileak EPEak soil-soilik hartuko ditu eraginpean. ELAk, gainera, hezkuntzako kontratazio-zerrendak eta EPEak elkarri lotuak ez izaa eskatu du, hori bera gertatzen baita Estatuko hainbat autonomia-erkidegotan. Horrela, bitarteko langileek ez dute zertan aurkeztu beharko EPE deialdi guztietara eta zerrenda bakarrean eman ditzaketen espezialitate eta hizkuntza guztien artean aukeratu ahalko dute.

ELAk gaitzetsi du Parlamentuan onetsitako legea, segregatzailea izateagatik, eta foru-komunitateko bi hizkuntzak ezagutzen dituztenak zigortzeagatik. Era berean, zerrenda integratuaren gaineko eztabaidaren beharra plazaratu du ELAk, hobeto kualifikaturik dauden irakasleen lan-eskubideak bermatze aldera. Zerrenda integratuak, zerrenda bakarrak ez bezala, ez du espezialitate bat bakarrik kontuan hartzen, baizik eta irakasleek dituzten espezialitate eta hizkuntza guztiak kontuan hartzen ditu.

Kontseilariak zehaztapenik ez zuen ahozko proposamena helarazi zigun sindikatuoi, guk zerrenda bakarrari buruz geneukan jarrera plazaratzeko. Hala ere, proposamen hura ez zen landu, ez zehaztu ezta mahai sektorialean aurkeztu eztabaidatua eta onartua izateko. Horregatik, ELAk, proposamena balioetsi baino lehen, proposamenaren zehaztapena beharrezkoa zela azpimarratu zuen. Zehaztapen hori, aldiz, ez da inoiz heldu; eta horren ondorioz, Foru Parlamentuko lege hau etorri da, langileen eskubideak murriztuko dituena. Bitartean, Ezker Batuak, CCOO eta UGTren bezerokeria dela eta, alde batera utzi du aldaketa, eta UPNk 1991tik daraman ibilbideari eutsi dio, alegia, diskriminazioaren bideari; oroitu beharrekoa baita, urte hura baino lehen, zerrenda bakarra zegoela indarrean PSNren gobernupean.