ELAk galdatu dio Nafarroako Gobernuari Mahai Orokorrean euskararen dekretuaren aurkako epaiari helegitea jartzeko

2019/10/10
ELAk, dekretuaren alde agertu zen sindikatu bakarrak, zeharo gaitzetsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia Bertzalde, irakaleei gradoa eta uda ordaintzea aitortzen dien dekretuaren alde egin du ELAk, baina aldizkotasunaren tasa handiak jaisteko eskatu dio Administrazioari

Mahai Orokorrean gaur egin den bileran ELAk eskatu dio Nafarroako Gobernuari helegitea jartzeko, euskararen dekretuaren epaiaren aurka. Sindikatuak uko egiten dio erabat Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiari, euskararen 2017ko Foru Dekretuaren zenbait artikulu deuseztatu dituen epaiari. Epai horrek agerian utzi du euskararen lege berri bat behar-beharrezkoa dela, 1986ko legea ordezteko, eta foru-lege mailako testu berri baten bidez zonifikazioa ezabatzeko eta euskaldunen eskubideak bermatzeko.

 

Zati batez deuseztatu berri den dekretuaren alde agertu zen sindikatu bakarra ELA izan zen. Oso motz geratzen bazen ere, ELAk dekretua aldeztu zuen, euskarak Nafarroan duen legezko egoera kritikoa kontuan hartuz, aitzinamenduak, ahal den bakoitzean eta txikiak izanik ere, behar zirelakoan.

 

Tamalez ikusi dugu berriz ere nor bere betiko tokian dagoela: Navarra Suma, PSN (gogoan izan alderdi horretako zenbait kontseilari eskuin-muturrak deituriko euskararen aurkako manifestaziora joan zirela) eta sindikatu batzuk (oraingo honetan UGT eta Afapna). Erakunde horien pentsamoldeen arabera euskara behe-mailako hizkuntza gisa hartu behar da, mendialdera mugatua, eta ahal dela etxe barnekoa, plazara atera gabe, eta jendartean izen onik eta estimaziorik jaso gabe.

 

Bertzalde, irakasleei gradoa eta uda ordaintzea aitortzen dien dekretuaren alde agertu da ELA. Izan ere, ELAk bi kontzeptu horiek ordaintzea eskatu izan du, bai negoziazio-mahaietan, bai auzibidetik ere. Alabaina, oroitu beharrekoa da gradoa ordaintzea ez dela izan erabaki politiko baten ondorioa, epaien aginduaren ondorioa baizik, milaka erreklamazio aurkeztu baitira, kontratudunen eta funtzionarioen arteko soldata-diskriminazioak behingoz ezabatzeko. Orobat, ELAk proposatu dio Nafarroako Gobernuari lanbide-karrera maila guztietara hedatzea, bai langile finkoendako, bai kontratudunendako; irizpide subjektiboak kenduz eta kidegoen arteko konparaziozko laidoak ekidinez.

 

Azkenik, ELAk galdatu dio Nafarroako Gobernuari foru-administrazioko enpleguaren prekarizazioa azkentzeko, eta benetako neurriak, epaiak betetze hutsez haraindi doazenak, berehala hartzeko, kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko apustua eginez, eta horretarako ezinbertzekoak diren lan-baldintza duinak administrazioko langileei onartuz. Horretarako, beharrezkoa da autogobernuaz egiatan baliatzea, Madrildik ezarritako austeritate-politikei jarraipen itsurik egin gabe, eta gastu-arauari eta defizit-betetzeari men egin gabe.