ELAk greba deitu du maiatzaren 23 eta 27an
Anfaseko langileek (adimen- eta/edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien aldeko Nafarroako Elkartea) salatu dute pairatzen duten prekaritatea egiturazko arazo bihurtu dela. Horregatik, maiatzaren 23an eta 27an greba egingo dute. Adierazi dute egungo lan baldintzak ezegonkortasuna eragiten ari direla plantillan, gero eta profesional gehiagok erabakitzen baitute beren lanpostuak uztea. Txandakatze handiaren ondorioz, arazoak dituzte talde egonkorrak egituratzeko. Prekaritate horrek, langileei kalte egiteaz gain, zuzenean eragiten die elkartearen funtzionamendu egokiari eta arretaren kalitateari.
"Zerbitzu publiko bat ematen dugu, aitortua izan gabe, eta urritasunaren hitzarmenetik oso urrun gaude", deitoratu dute. 16 hilabete baino gehiagoko negoziazioaren ondoren, zuzendaritzak aldebakarreko erabakiak aplikatzen jarraitzen du, eta ez du ezer planteatzen lan baldintza duinak bermatzeko.
Enpresak diru falta argudiatu du lan baldintzak hobetzeko. Hala ere, ELAk gogorarazi du Anfasek 129.000 euroko irabaziak izan dituela 2025ean. "Lortutako onurek erabat desmuntatzen dute orain arte zuzendaritzak emakume langileok pairatzen dugun prekaritatea justifikatzeko erabilitako diskurtsoa", dio.
Gauzak horrela, ELAk jarrera aldatzeko eta langile guztien lan eta soldata baldintzak hobetzeko akordioa eskatu dio zuzendaritzari.