ELAk Nafarroako Gobernuari garraio sanitarioko enpresa publikoa sortzeko Batzordean sindikatuek parte har dezatela exijitzen dio

2022/01/27
ELAren ustez, zerbitzuaren kalitatea eta lan-baldintzak hobetzeko ezinbestekoa da enpresa-etekinak baino bilatzen ez dituen kudeaketa pribatua iraultzea

Nafarroako Gobernuak garraio sanitarioko enpresa publiko bat sortzeko Batzorde bat abian jarri duela iragarri du. Batzorde horretan Nafarroako Gobernuko ordezkariek parte hartu dute (besteak beste, lehendakariordea, Osasuneko kontseilaria, Barne Saileko zuzendari nagusia eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendaria), bai eta Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko (CPEN) zuzendaria ere.

ELAren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak sindikatuen ordezkaritza kontuan hartzea prozesu honetan. Garraio sanitarioa kudeatzeko enpresa publiko bat ez delako sortu behar langileak kontuan hartu gabe.

Pribatizazioa da beti zerbitzu publikoak kudeatzeko modurik txarrena, eta hala erakusten du garraio sanitarioaren egungo egoerak, enpresek langileen prekarietatearen kontura egiten baitute negozioa.

ELAk publiko egiteko urratsak ematearen aldeko apustua egiten du, ematen den zerbitzuaren lan-baldintzak eta kalitatea hobetzeko, baina betiere sektoreko langileak kontuan hartuta. Horregatik, ELAk dei egin dio Nafarroako Gobernuari sektorean ordezkaritza duten sindikatuak ere dei ditzan hurrengo batzordera.