ELAk Optiken hitzarmena sinatu du eta 2011tik galdutako eros ahalmena berreskuratu egin du

2018/12/21
ELAk (negoziazio mahaiaren %60ko ordezkaritza) eta UGTk Nafarroako Optiken hitzarmena sinatu berri dute. Sektore horren 300 langilek 2011tik galdutako eros ahalmena berreskuratuko dute eta eduki guztiak lan erreformaren aurka babestuta egonen dira, beste hobekuntzen artean.

Hitzarmena 2011an iraungi egin zen, patronalaren interlokuziaren gabezia dela eta. ELAk interlokuzio hura berreskuratu egin du, eta patronalak negoziazioa eta hitzarmen on baten sinadura onartu egin ditu. Horren bidez, ELAk hiru helburu garrantzitsuak erdietsi ditu:

1. Hitzarmena suspertzea, 8 urteko geldialdiaren ondoren. Lan baldintzak hobetzeko tresna berreskuratu du, ez bakarrik aurtengorako baizik eta etorkizunerako ere bai.

2. 2011tik galdutako eros ahalmena berreskuratu dugu. Hitzarmenaren iraunaldian (2017-2020), soldatak igoko dira KPI gehi %4,3a.

3. Lan erreformaren aurkako babesa eta aplikazioa bermatzea. Hitzarmenak lehentasuna izanen du balizko Estatuko hitzarmen baten aurrean, eta enpresek ezingo dute baldintzak okertu langileekin akordioa ez bada. Ordu malgutasuna mugatzen da eta hitzarmenaren ultraaktibitatea 4 urtera arte luzatuko da.

Gauzak horrela, ELAk oso balorazio ona egiten du. Akordio hau sektoreko negoziazioan emaitza onak lor daitezkela froga bat da, eta hori gertatzen denean, ELAk sinatzen du. Kasu honetan, lehen sindikatua izanda eta akordio honen bultzatzaile gisa.