ELAk salatzen du merkataritza-kate handietako langile gehien-gehienek oraindik ez dutela langabeziatik kobratu, ERTEan hilabete eta erdi eman ondoren
Martxoaren 14tik, alarma-egoera ezarri zenetik eta, besteak beste, funtsezkoak ez diren merkataritza-jarduerak itxi zirenetik, ehunka langile ERTE egoerara pasa ziren, langabeziatik- prestazioa jasotzeko unera.
ELAk salatzen du, hilabete eta erdiren ostean, merkataritza kate handietako langile gehienek ez dute oraindik langabezia saria jaso. Deigarria da kasu guztietan ERTE lehen unetik eta estatu mailan aplikatu zuten enpresak direla. Era berean, deigarria da enpresa horietako beste lurralde batzuetako lankideek prestazioa kobratu izana.
Kontuan izan behar da azken nomina osoa otsailekoa izan zela eta martxoan soldataren erdia kobratu zutela. Diru-sarrerarik gabeko hilabete eta erdi, gastu guztiei aurre egin behar zaienean, egoera dramatikoak izan daitezke, eta are gehiago sektore prekarioetan, hala nola merkataritzan, soldata txikiak eta lanaldi partzialak baitaude.
Enpresa askok uko egin zioten bere garaian ERTEen eragina beren plantilletan negoziatzeari, ELAk horretarako errekerimenduak egin bazituen ere. Langabezia-prestazioaren konturako aurrerakinak ordaintzea zen egoera hori saihestu zuten gaietako bat.
ELAk, halaber, inplikatutako erakundeei eskatzen die langabezia-prestazioaren ordainketa berehala arintzeko behar diren neurriak har ditzatela, zerbitzua behar bezala indartuz. Sistemak ERTEen bolumenagatik duen kolapsotik at ez da ahaztu behar egoera horien atzean berehalako konponbideak behar dituzten pertsona jakin batzuk daudela.