ELAk salatzen du Nafarroako Gobernua Madrilera joango dela maisu-maistren oposaketetan ingeleseko C1 derrigorrezkoa izatea eskatzera

2017/11/24
Eskaera honek suposatzen du ofiziala ez den hizkuntza bati ofizialtasun izaera ematea Nafarroa osoan, oraindik euskarak, berezko hizkuntza izanik, ez duena.

ELAk salatzen du Nafarroako Gobernua Madrilera joango dela maisu-maistren oposaketetan ingeleseko C1 derrigorrezkoa izatea eskatzera, eskaera honek suposatzen baitu ofiziala ez den hizkuntza bati ofizialtasun izaera ematea Nafarroa osoan, oraindik euskarak, berezko hizkuntza izanik, ez duena. Eskaera honek ehundaka maisu-maistren lan eskubideak urratzen ditu, jeneralista lan egiteko ez baitute zertan eduki titulu hau.

Gaur egin den Hezkuntzako Mahai Sektorialean, ELAk berriz eskatu du hizkuntzen tratamendu integralerako plana garatzea, akordio programatikoan horrela egingo zutela agertu baitzuten.

ELAk, gainera, hurrengo urteetan egingo diren LEPen kalendarizazioaren beharra aldarrikatu du, eta edozein deialdi gutxienez 8 hilabeteko aurrerapenarekin egitea, epe honek denbora ematen dielako oposaketa egin behar duten langileei ongi antolatzeko.