ELAk UGT, CCOO, LAB eta CEN deitu ditu Foru Gobernuari eskatzeko negoziazioak euskaraz ere egin ahal izateko baldintzak bermatu ditzan
Nafarroan langileen lan baldintzak arautzen dituzten hitzarmen kolektiboen negoziazio gehien-gehienak gaztelania hutsean egiten dira. Nafarroako Gobernuak ez du inolako laguntzarik eskaintzen sindikatuen eta patronalen arteko negoziazioak errazteko eta, besteak beste, ez dago sindikatuen eta patronalaren eskura aldibereko itzulpen zerbitzurik, Nafarroako Parlamentuan edo Madrilgo Kongresuan badagoen bezala. Horren ondorioz, praktikan, gaztelania baino ez dakitenek ezartzen dute bileren hizkuntza eta, ondorioz, ezin da euskaraz hitz egin.
Euskara negoziazioetatik kanpo egoteak, besteak beste, euskaldunen hizkuntza eskubideak guztiz bazterrean geratzea eragiten du hitzarmen kolektiboetan. Esaterako, ELAk Nafarroan aztertutako 376 hitzarmenetatik 13k baino ez dituzte jasotzen euskaraz lan egin ahal izateko neurriak; hau da, hitzarmenen %0,03k baino ez dute jasotzen euskararen aldeko neurriren bat.
ELAk uste du iritsi dela egoera horri buelta emateko eta negoziazioetako eragile guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko garaia. Horregatik, ELAk gainerako sindikatuei eta patronalari proposatuko die Nafarroako Gobernuari eskatzeko negoziatzaileen eskura itzulpen zerbitzu publikoak jar ditzala, solaskide bakoitzak bere hizkuntzan negoziatu ahal izan dezan, gaztelaniaz zein euskaraz.