Garbiketetako sindikatuek Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte, ia %100ekoak baitira

CCOO, LAB, ELA, UGT eta Solidarik salatu dute Nafarroako Gobernuak goitik behera aldatu dituela apirilaren 6ko 82/2021 Foru Aginduan argitaratuta zituen gutxieneko zerbitzuak, eta “akats” onartezinak aitzakiatzat hartuta. Orain, Gobernuak ia %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Ekonomia eta Ogasunean, Hezkuntzan edo Osasun departamentuan, baita gaur egun garbitzen ez diren edo itxita dauden eraikinetan ere. Nola azaltzen da udal bateko garbitzaile batek greba egitea eta museo batekoak eskubide hori ez izatea? Sindikatuek oso larritzat jotzen dituzte azken inposizio horiek, Nafarroako Gobernuak azpikontrataturiko langileei grebarako oinarrizko eskubidea kentzen baitiete.
“Ezin da izan progresista eta berdintasunaren defendatzailea deitzen den Gobernuak gobernu horrenn bulegoetarako zerbitzuak ematen dituzten milaka langileren greba-eskubidea praktikan jartzea eragoztea”, adierazi dute sindikatuen ordezkariek. “Sinbolismoetatik urruti, adierazpenetatik urruti, Nafarroako Gobernuak, ekintzen bidez, patronalaren alde jartzea erabaki du”.
Sindikatuen ordezkarien arabera, horrela ez da berdintasuna defendatzen. “Sektore feminizatua gara, lanaldi partzialekoa, eta, gainera, orain, Nafarroako Gobernuak grebarako dugun oinarrizko eskubidea erabiltzea galarazten digu, sindikatu guztiek deitutako greba eta gure hitzarmena eta lan-baldintzak hobetzeko helburu duen greba batean. Hori dela eta, bateraezinak iruditzen zaizkigu Gobernua berdintasunarekin konprometituta daudela dioten mezuak, eta grebarako eskubidea kentzea soldata arrakala eta genero-diskriminazioa bukatzea bilatzen duten langileei”.
“Garbitzaileak funtsezkoak gara”, berretsi dute sindikalistek. “Eta gure hitzarmena funtsezkoa ere badenez, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu berehala zuzentzeko gehiegizko gutxieneko zerbitzu horiek, eta grebarako eskubidea erabiltzeko aukera emateko”.
Azkenik, CCOO, LAB, ELA, UGT eta Solidari sindikatuek jakinarazi nahi izan dute sektoreko 62 enpresaren ordezkari sindikalek bat egin dutela bihar, apirilak 13, 11:00etan Iruñeko Gurutze plazatik aterako den manifestazioarekin.